Gizartea -
Sanferminak 2017
Hiru gizon atxilotu dituzte sanferminetako seigarren egunean, ukituengatik
Ukituak egin izana leporatzen zaie hirurei, eta ukituak indarkeria erabiliz egin dizkiotela salatu du hiru biktimetako batek.
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko Babes Zibilerako Batzordeak adierazi duenez, asteazken honetan hiru salaketa aurkeztu dituzte, sexu erasoengatik. Bi emakumek ukituak salatu dituzte, eta, hirugarren batek, larderiaz eta indarkeriaz egindako ukituak. Ustezko hiru erasotzaileak atxilotu egin dituzte, eta horietako bat epailearen aurrera eramateko zain dago.
Nafarroako hiriburuko Udalak ohar batean adierazi duenez, salaketen berri izan ostean, egoera horietarako udaletxeak dituen baliabideak ipini ditu emakumeen eskura, orientatzeaz gain, arreta judiziala, psikologikoa eta laguntza emateko.
Orain arteko egunetan, orotara, eraso sexualengatik hamaika salaketa eta zortzi atxiloketa egin dira aurtengo sanferminetan.
Alertcops, erasoen berri emateko aplikazioa
Alertcops aplikazioa doakoa da, eta erabilerraza. Sanferminak bukatu arte izango da erabilgarri, eta Poliziari eraso sexisten berri emateko balio du. Beste gertakari batzuez ohartarazteko ere erabil daiteke, eta argazkiak eta bideoak bidaltzeko aukera ematen du.
Gainera, aplikazioak duen txataren bitartez, Poliziarekin zuzenean hitz egiteko aukera izango dute erabiltzaileek.