Gizartea -
SANFERMINAK
Bi emakumek ukituak salatu dituzte sanferminetako laugarren egunean
Salaketa horietako batekin lotuta, pertsona bat atxilotu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Beste bi emakumek ukituak salatu dituzte 2017ko sanferminetako laugarren egunean, eta pertsona bat atxilotu dute salaketa horietako batekin lotuta, Iruñeko Babes Zibilerako Batzordeak gaur goizeko bileraren ostean jakinarazi duenez.
Sanferminak hasi zirenetik, zazpi salaketa jarri dituzte sexu abusuengatik, eta lau pertsona atxilotu dituzte delitu horiekin lotuta.
Babes Zibilerako Batzordea da, hain zuzen ere, sanferminetako sexu-erasoei buruzko informazio ofiziala ematen duen bakarra. Organo horrek zentralizatzen du sexu-erasoei buruzko informazio guztia, eta soilik batzorde horrek erasoak baieztatu ondoren aktibatzen da erasoen aurkako protokoloa.
Behin salaketa jarrita, Udalak emakumeen eskura jartzen ditu orientazio-baliabideak, atentzio judizial eta psikologikoa eta halako kasuetarako eskaintzen duen konpainia-zerbitzua.
Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, garrantzitsuena erasoa jasan duen emakumeari eta haren inguruari babesa eta arreta ematea dira; hain zuzen ere, datu horiek hartzen dituzte kontuan salaketei buruzko informazioa ematerakoan.
Bestalde, erakundeetatik judizialki zein sozialki salatzeko deia egiten diete biktimei eta herritarrei.
______________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.