Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Emakume bat zauritu dute labanaz Zorrotzan

Arma zuri batek eragindako zauria du emakumeak sabelean. Ustezko erasotzailearen bila dabiltza, dirudienez, ihes egin baitu.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume gazte bat sastatu dute haren etxebizitzan, igande honetan, Zorrotza auzoan (Bilbo), Ertzaintzak eitb.eus-i jakinarazi dionez.

Jazoera 13:15ak aldera gertatu du, Soka kaleko etxebizitza batean. Herritar batek abisua eman die Larrialdi Zerbitzuei, eta etxebizitzara heldu direnean, emakumezkoa zaurituta aurkitu dute. Arma zuri batek eragindako zauria du sabelean,  eta, hori dela eta, Gurutzetako Ospitalera eraman dute.

Bitartean, ustezko erasotzailearen bila dabil Ertzaintza, dirudienez, ihes egin baitu.

Hasierako zantzuen arabera, litekeena da genero-indarkeriarekin lotutako kasu berria izatea, baina hori baieztatu gabe dago.

Elkarretaratzea

Zorrotzako Auzokideen Elkarteak eta Zorroztuz Bazterketaren Aurkako Plataformak elkarretaratzea deitu dute astelehen honetarako, 19:00etan Zorrotzan bertan,  Ontziola eta Fray Juan kaleen artean, emakumezko horrek pairatutako erasoa gaitzesteko asmoz.

------------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Espainian Gizartea bideoak Indarkeria matxista Gaurko azken ordukoa