Gizartea -
SANFERMINAK
Bi emakumek sexu abusuak salatu dituzte sanferminetako lehen egunean
Bi salaketak ukituengatik izan dira eta, horietako batekin lotuta, pertsona bat atxilotu dute. Erakundeetatik judizialki zein sozialki salatzeko deia egiten diete biktimei eta hiritarrei.
EITB.EUS
Bi emakumek bi sexu abusu salatu dituzte 2017ko sanferminetako lehendabiziko egunean.
Iruñeko Babes Zibilerako Batzordeak gaur goizeko bileraren ostean jakinarazi duenez, bi salaketa horietako batekin lotuta, segurtasun indarrek gizonezko bat atxilotu dute ukituak egitea egotzita. Halaber, bigarren salaketa ere ukituengatik izan da.
Babes Zibilerako Batzordea da, hain zuzen ere, sanferminetako sexu-erasoei buruzko informazio ofiziala ematen duen bakarra. Organo horrek zentralizatzen du sexu-erasoei buruzko informazio guztia eta batzordeak erasoak baieztatu ondoren aktibatzen da soilik erasoen aurkako protokoloa.
Behin salaketak jarrita, Udalak emakumeen eskura jarri ditu orientazio-baliabideak, atentzio judizial eta psikologikoa eta halako kasuetarako eskaintzen duen konpainia-zerbitzua.
Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, garrantzitsuena erasotutako emakumeari eta haren inguruari babesa eta arreta ematea dira; hain zuzen ere, datu horiek kontuan hartzen dituzte salaketei buruzko informazioa ematerakoan.
Bestalde, erakundeetatik judizialki zein sozialki salatzeko deia egiten diete biktimei eta hiritarrei.
______________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.