Gizartea -

Euskara

Euskarari buruzko lehen akordioa Euskal Herriko erakunde guztien artean

Nafarroako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako eta Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek elkarlanerako akordioa sinatu dute, "euskararen etorkizuna bermatzeko" helburuarekin.

Argazkia: EITB
Argazkia: EITB
Akordioa, Euskal Herriko hizkuntza politika bateratua egiteko

3:03

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak Euskal Herri mailako hizkuntza politika aurrera eramateko lehenengo pausoa eman dute gaur, hiru erakundeek sinatutako itunarekin.

EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakundeen lankidetza bultzatu nahi dute akordioarekin, “euskararen biziberritze prozesuan lehentasuna duten esparruetan”: hizkuntzaren eta hezkuntzaren esparruan, gogoeta guneetan, ikerketan eta Europa mailako hizkuntza gutxituen gaineko politiketan.

Sinatzaileek uste dute akordioari esker “orain arteko mugaz gaindiko oztopoak (linguistikoak eta hezkuntzakoak) aztertu eta gainditzeko aukera bila abiatzeko bidea” irekiko dutela, tartean hizkuntza gaitasunari lotutako ziurtagirien aferean.

Era berean, duplizitateak saihestu nahi dituzte, proiektuak ez errepikatzeko, “indarrak alferrik” ez galtzeko.

Lehenengo Euskal Herri mailako ituna

Lehenengo Euskal Herri mailako ituna da hau euskara alorrean, EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakundeek sinatutako lehena, baina ez du aurrekontu zehatzik izango.

Orain arte aldebikoak ziren akordioak. Hala, 2009an Euskarabideak eta Jaurlaritzaren Kultura Sailak asmoen adierazpen bat sinatu zuten bi erakundeen arteko “harremanak estutzeko” eta “lankidetza teknikorako loturak ezartzeko” helburuarekin.

Bestalde, Euskararen Erakunde Publikoak eta Jaurlaritzak 2007-2010 eperako hitzarmena sinatu zuten, gero 2011-2016ra eta 2017-2022ra luzatu dutena. Horietan, hitzarmenaren xedea “euskararen gaineko hizkuntza politika gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea agertzea eta erakunde mailako harreman iraunkorrak ezartzea eta garatzea” da.

Ekitaldia

Itunaren sinadura ekitaldian, Nafarroako Jauregian, Bingen Zupiria sailburua, Ana Ollo Kontseilaria eta Mathieu Berge Euskararen Erakunde Publikoko presidentea izan dira.

Sailburuak azaldu duenez, “euskara gure lurraldeetan baino ez da hitz egiten eta, ondorioz, erakundeoi dagokigu euskararen etorkizuna bermatu ahal izateko baldintzak erraztea”.

Horren harira, “oso bide naturala” omen da sinatu duten hitzarmena, “bide praktiko eta lagungarria” delako euskara sustatzeko. “Hizkuntzaren irakaskuntza eta hezkuntzaren esparrua; euskararen erabileraren sustapena, batik bat aisialdian, ingurune digitalean eta lan munduan; gogoeta gune bateratuak eraikitzeko proiektuak; ikerketa eta corpusgintza; edota Europako markoan lankidetzaren sustapena. Esparru zehatzak dira eta horietan proiektu zehatzak bultzatuko dira”, gaineratu du.

Ollo kontseilariak adierazi duenez, "elkarrekiko lankidetzari jarraituko dio, bikoiztasunak, beharrezkoak ez diren gastuak saihesteko eta eraginkortasunik handiena lortzeko".

Mathieu Bergek “hizkuntza-politika mailako lankidetza berri hori” nabarmendu du, azpimarratuz “euskararen transmisioa eta erabileraren sustapenerako ezinbestekoa” dela.

Azkenik, Mathieu Bergék Europar finantzabideek eta bereziki POCTEFA ekintza programa berriek, hizkuntza politikaren erronkak kontuan hartzearen alde eraman beharreko elkar lana goraipatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Nafarroa Eusko Jaurlaritza berriak Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua berriak