Gizartea -

Indarkeria matxista

Beltran de Heredia, sexu-erasoei buruz: 'Zerbait gaizki egiten ari gara'

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren esanetan, 'mezu eta balio kultural batzuk ez dira gizartean txertatzen, eta horrek zer pentsatua eta kezka eragin behar digu'.

Estefania Beltran de Heredia. Artxiboko argazkia: EFE
Beltran de Heredia: 'Lotsagarria da XXI. mendean sexu erasoak izatea'

1:44

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan bi emakumek Sopelan eta Zarautzen jasandako sexu erasoak baztertu ditu Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Ertzaintzak 18 eta 21 urteko bi gizonezko atxilotu ditu erasoekin zerikusia dutelakoan.

Beltran de Herediaren iritziz, "lotsagarria da" XXI. mendean oraindik ere sexu erasoak izatea eta "pertsonei errespetua galtzea".

Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan parte hartu aurretik sexu-erasoak izan ditu hizpide Segurtasun sailburuak, eta ustezko erasotzaileen gaztetasuna nabarmendu du. Haren esanetan, "zerbait gaizki egiten ari gara hain pertsona gazteek gisa horretako portaerak dituztenean, nahiz eta denbora asko daramagun hezkuntzaren ikuspuntutik eta hedabideetatik lanean".

"Mezu eta balio kultural batzuk ez dira gizartean txertatzen, eta horrek zer pentsatua eta kezka eragin behar digu", adierazi du Segurtasun sailburuak. Ildo horretan, "egiturazko arazo" hau ikuspegi polizialetik jorratzearen alde agertu da, "prebentzioa eta delituaren jazarpena" landuz, baina batez ere "gizartean lan eginez, errespetuzko baloreak txiki-txikitatik nagusitu daitezen".

"Ez, ezetz da eta bestearekiko errespetu mezuak behin eta berriro errepikatzen jarraitu behar dugu", zehaztu du Beltran de Herediak. Gainera, "gaitz" horrekin amaitzeko dei egin du.

Bestalde, Ertzaintza batez ere prebentzioan lanean ari dela nabarmendu du. Gaineratu duenez, Udalekin eta Udaltzaingoarekin elkarlanean ari da herrietako jaien eta ekitaldien neurrirako dispositiboak prestatzen.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Eusko Jaurlaritza berriak Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa