Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Sopelako jaietan sexu-erasoa jasan duela salatu du emakume batek
Hala jakinarazi du Sopelako Udalak. Biktimari elkartasuna adierazteko eta gertaera gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute biharko eguerdiko 12:00etan.
EITB.EUS
Bart Sopelako jaietan sexu-erasoa pairatu duela salatu du emakumezko batek, Sopelako Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Horren aurrean, Sopelako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak "erabateko gaitzespena" azaldu du, eta laguntza eta elkartasuna adierazi die bai emakumezkoari baita horren senideei ere.
Gainera, gertatutakoa argitzeko asmoz, "ikerketa azkar eta zehatza egitea" exijitu du, eta herritarrek "eraso sexisten konplizitate keinu guztiak arbuiatu ditzatela" eskatu du.
Hori dela eta, 15 minutuko elkarretaratzea deitu dute igande honetarako eguerdiko 12:00etan Sopelako Udaletxearen aurrean, xede izanik erasoa gaitzestea. Amaitzeko, herritarrei dei egiten die Udalak "emakumeen kontrako indarkerien aurrean gaitzespena aktiboki erakustera".
----------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.