Gizartea -

Droga operazioa Nafarroan

54 kilo speed atzeman dituzte Nafarroan

Perillan operazioaren baitan, bederatzi pertsona atxilotu dituzte Foru Erkidegoan. Gainera, lau miaketa egin dituzte: bat Zumarragan eta hiru Tarragonan.

Perillon izeneko droga operazioan atzemandako materiala. Argazkia: EiTB
Perillon izeneko droga operazioan atzemandako materiala. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak bederatzi pertsona atxilotu eta 54 kilo speed atzeman ditu Nafarroan. Atzemandako guztiak bi milioi euroko balioa izango luke merkatuan, eta trafikatzaileek sanferminetan saltzeko asmoa zuten, Polizia iturrien arabera.

Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak gaur prentsaurreko batean azaldu duenez, zazpi gizon eta bi emakume atxilotu dituzte Perillan operazioan. Gainera, lau miaketa egin dituzte: bat Zumarragan eta hiru Tarragonan.

Anfetaminaz gain, 300 gramo heroina, bi kilo haxix, 10.000 euro eskudirutan, bi ibilgailu, 9 milimetroko pistola bat, 6,35 milimetroko beste bat, erasorako fusil bat, eskopeta bat, munizioa eta droga nahasi eta banatzeko materiala atzeman dituzte.

Polizia Judizialaren arabera, operazioa zabalik dago oraindik.

Antza denez, taldeak segurtasun neurri handiak hartzen zituen droga mugitzeko. Esate baterako, droga zeraman ibilgailuaren aurretik beste bat joan ohi zen bidea zabaldu eta kilometro batzuk aurrerago polizia kontrolik zegoen jakinarazteko. Droga Nafarroara iritsitakoan, egun batzuetan kalean uzten zuten ibilgailua droga barrutik atera aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Drogak Entzierroa zuzenean Gizartea Gaurko azken orduko albistea