Gizartea -
Biogune
Euskal zientzialariek urratsa egin dute prostatako minbiziaren ikerkuntzan
Gaixotasunaren hasieran izaten diren aldaketa metabolikoak identifikatu dituzte ikertzaileek, eta Nature-n argitaratu dute ikerketaren emaitza.
agentziak | erredakzioa
Minbizia agertzen da zelula osasuntsuetan akatsak pilatzen direnean, "sistema eragilea" pirateatzen duten mutazioak eta kontrolik gabeko hazkundea ahalbidetzen duten akatsak pilatzen direnean. Baina ez dute hori bakarrik egiten, metabolismoa erabiltzen eta aldatzen baitute. Orain, CIC bioGUNE euskal zentroko zientzialariek prostatako minbiziaren kasuan nola egiten duten ulertzeko gakoak aurkitu dituzte.
Lan horretan, oinarrizko ikerketa bat bada ere, minbizi mota horren molekula mailako ulermenean sakondu dute, eta ikerlarien esanetan, oinarrizkoa da hori sendagai berri hobetuak egiteko.
Ikerketaren emaitza Nature aldizkarian argitaratu dute, Arkaitz Carracedok, Amaia Zabalak eta Amaia Arruabarrenak, besteak beste, sinatutako artikulu batean. Bizkaian egoitza duen CIC bioGUNE-ko ikerlariak dira.
Prostatako minbizia mundu mailako tumore ohikoenetako bat da, eta hainbat aldaketa genetiko nagusi atzemanak dituzte, baina gutxi dakite prozesu horrekin batera izaten diren aldaketa metabolikoei buruz.
Carracedok azaldu duenez, mutazio genetikoen ondorioz, zelulak behar ez den bezala jokatzen hasten dira (zelulen zatiketa kontrolik gabea, besteak beste), baina hazteko eta zabaltzeko metabolismoa, erreakzio kimiko multzoa, aldatzea behar dute.
Hain zuzen ere, alor horri eman diote garrantzia artikuluan, gaixotasunaren hasieran izaten diren aldaketa metabolikoak atzeman baitituzte.
"Zelulak poliamina gehiago ekoizten badute, minbizia gehiago hazten da, eta produktu metaboliko hori kenduz gero, minbizi zelulak ez dira hazten", azaldu du Carracedok.
Prostatako minbiziaren metabolismo aldaketak atzematea "estrategia berritzailea" da tratamendu eraginkorrak bilatzeko, Carracedoren esanetan, eta baliteke metabolismoaren eta mutazioen arteko harreman hori beste tumore batzuetan ere berdina izatea.
"Autoaren kapota altxatzearen moduko zerbait izan da, motorraren funtzionamenduari buruz zerbait gehiago dakigu", gaineratu du.