Gizartea -

Harrotasun eguna

LGTBI kolektiboaren aldarrikapenekin bat egin dute erakundeek

Lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen kontrako erasoak eta diskriminazio egoerak gaitzetsi dituzte.

Iruñeko Udalak LGTBI komunitatearen aldarrikapenekin bat egin du. Argazkia: EFE
Iruñeko Udalak LGTBI komunitatearen aldarrikapenekin bat egin du. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LGTBI komunitatearen nazioarteko egunaren harira, kolektiboaren aldarrikapenekin bat egin eta lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen kontrako erasoak eta diskriminazio egoerak gaitzetsi dituzte erakundeek.

Eusko Jaurlaritzak, foru diputazioek, Batzar Nagusiek eta hainbat Udalek adierazpen instituzionalak onartu eta ekitaldiak deitu dituzte Harrotasunaren Eguna dela eta.

Jaurlaritzaren Berdindu! zerbitzu publikoak, esaterako, LGTBI kolektiboa lehen baino "begi-bistakoagoa" dela goraipatu du; alabaina, kolektibo horrek oraindik ere pairatzen dituen diskriminazio egoerak salatu ditu (Txetxeniako kontzentrazio eremua, kasu).

Arabari dagokionez, sexu orientazioaren eta genero identitatearen aurka oraindik ere entzuten diren "gorroto eta diskriminazio" hitzaldiak salatu dituzte Batzar Nagusiek. Hori dela eta, indarkeria eta diskriminazio ekintza guztiak baztertu dituzte.

Sexu orientazioa herrialde askotan jazarpenerako arrazoi dela deitoratu du Gasteizko Udalak, eta 2017a mundu osoko LTGBI komunitateko pertsonen giza eskubideen aitortzarako urtea izatea aldarrikatu du. Bestalde, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Irabazik ortzadarraren banderak jarri dituzte udaletxeko balkoian eta udal gobernuaren jarrera salatu dute. Izan ere, Udalbatzak ez du bandera horiek jartzeko baimenik eman "barne araudiak" eragozten duela argudiatuta.

Bizkaian, diskriminazio egoerekin amaitzeko eta LGTBI kolektiboaren ikusgarritasuna bultzatzeko lanean jarraitzeko gogoa adierazi dute Batzar Nagusiek.

Gipuzkoan, lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualekiko konpromisoa berretsi du Foru Aldundiak gaur goizean egindako ekitaldi batean. Horrez gain, adierazpen instituzional bat onartu du.

Azkenik, Nafarroan, Iruñeko Udalak LGTBI komunitatearen nazioarteko eguneko ospakizunekin bat egin du. Elkarretaratzea egin dute Iruñeko udaletxeko plazan eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek parte hartu dute. Halaber, ortzadarraren bandera eskegi dute udaletxearen balkoian.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Albisteak Gipuzkoa Nafarroa gaur Araba Gizartea Gaurko azken ordukoa LGTBI+ albisteak