Gizartea -
GKEak, gainezka
Ia 9.000 pertsona erreskatatu dituzte hiru egunetan Mediterraneoan
Kopuruak gora egingo du seguruenik, ez baitaude zenbatuta azken orduetan GKEek egindako erreskateetako pertsonak. Urte hasieratik, 84.000 lagun itsasoratu dira Europarako bidean.
agentziak | erredakzioa
Ia 9.000 pertsona erreskatatu dituzte larunbata eta astelehena bitartean Mediterraneoko uretan, Libia eta Italia artean, Migrazioen Nazioarteko Organizazioak (OIM) astearte honetan azaldu duenez.
Organizazio horren arabera, ekainaren 24 eta 27 bitartean, 8.863 pertsona erreskatatu zituzten Mediterraneoan. Alabaina, kopuruak gora egingo du seguruenik, ez baitaude zenbatuta azken orduetan GKEek egindako erreskateetako pertsonak.
Italiako Guardia Costierako bozeramale baten esanetan, Reutersen arabera, Itsas Armada italiarrak, GKEek eta zenbait itsasontzi pribatuk 5.000 bat pertsona erreskatatu zituen astelehenean.
Gainera, Jugend Rettek GKE alemaniarrak azaldu duenez, "egindako ahalegina gorabehera, hiru pertsona hil ziren hondoratzen ari zen txalupa puzgarri batean".
"Gure itsasontziaren gaitasunak muga gainditu du, eta gure tripulazioa itsasontzi gehiago ikusi ditu zerumugan. Oraintxe bertan, itsasontzi guztiak gainkargatuta daude", zehaztu du GKEak sare sozialetan.
"EB, non zaudete? Gure mugara heldu gara eta ezin dugu gehiago lagundu", salatu du. Jugend Rettetek azaldu du erreskatatutako pertsonak beste "itsasontzi handiago batera" eramaten ari direla. "Ez dago argi itsasontzian pertsona horiek guztiak sartuko ote diren", gaineratu du.
Sea Watch GKEak, halaber, gainezka egin duela adierazi du, eta MOASen itsasontzia atzo iritsi zen Messinara, igandean erreskatatutako 400 pertsona baino gehiago uztera.
OIMek argitaratutako azken datuen arabera, ia 84.000 pertsona itsasoratu dira Europarako bidean, urtea hasi zenetik. Zehatz-mehatz, Italiara ia 72.000 pertsona heldu dira Mediterraneoaren bidetik, eta beste 1.900 hil dira.