Gizartea -

DOKTRINATU ETA ERAKARTZEAGATIK

ISISen ustezko sei kide atxilotuta Espainia, Alemania eta Erresuma Batuan

Horietatik lau Palman atxilotu dituzte, beste bat Birminghamen, eta, laugarrena, Alemanian. Operazioa ez dute bukatutzat eman, eta hainbat miaketa egiten ari dira.

Orain dela gutxi Bartzelonan egindako operazioa. Argazkia: EFE
ISISen sei ustezko kide atxilotuta, Espainia, Alemania eta Erresuma Batuan

0:18

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako, Alemaniako eta Erresuma Batuko segurtasun indarrek sei pertsona atxilotu dituzte gaur, asteazkena, Estatu Islamikoaren kide izatea leporatuta, Espainiako Barne Ministerioak ohar baten bidez zabaldu duenez.

Horietatik, lau Palman (Mallorca) atxilotu dituzte, eta beste biak, Erresuma Batuan eta Alemanian. Han, "hainbat miaketa" egiten ari dira oraindik, operazioarekin lotuta.

Mallorcan atxilotutako lau pertsonetatik, bi Inca udalerrian atzeman dituzte, bat Arianyn eta beste bat Binissalemen.

Erresuma Batuan egindako operazioan, 44 gizonezko bat atxilotu dute Birminghameko Sparkhill auzoan. Atxiloketa West Midlandseko (Ingalaterra erdigunean) terrorismoaren aurkako unitateko agenteek egin dute.

Barne Ministerioaren arabera, taldeak adarrak zituen nazioartean, eta "ikus-entzunezko muturreko materiala" ekoitzi eta hedatzen zuen. Gainera, bilera klandestinoak egiten zituen astean behin, "euren ideiekin bat egiten zuten gazteak erakartzeko", gatazka guneetara joan daitezen.

Operazioa 2015ean hasi zen, agintariek zenbait bideo atzeman zituztenean, webgune batean. Horietan, "Espainian bizi zen gazte musulman baten prozesua ikus zitekeen", gaztea "doktrinatu eta erakarri zuten, eta Siriara joan zen ondoren".

"Grabazioaren erantzulea identifikatu zuten: imam salafista bat. Erresuma Batuan atxilotu dute, eta Europako zenbait herrialde ikertzen ari dira", esan du Ministerioak. Imama Palmara joan zen eta talde bat antolatzen hasi zen; gaurko operazioan atxilotutakoak, hain zuzen. Horrez gain, pertsonak "erakarri eta doktrinatu zituen Estatu Islamikoaren alde, eta, hortik aurrera, haien lider espiritual bihurtu zen".

Zehatz-mehatz, imam horren helburua kideak erakarri eta Siriarako dirua biltzea zen, baina kontu handiz ibiltzen zen, eta bizilekua etengabe aldatzen zuen. Hori dela eta, "asko" kostatu zaie atxilotzea.

Alemanian atxilotutako kideentzat ere zen erreferente, eta gainerako atxilotuekin harremanetan zegoen.

Imamak "muturreko estremismora" jo zuen, Ministerioak zabaldutako oharraren arabera, "DAESHen ildoekin bat egin eta konpromisoa agertuta; gainera, otso bakartiek Europan egindako ekintzak justifikatu eta jihada indarkeriaz egiteko borondatea agertu zuen". Hain zuzen ere, horregatik guztiagatik egin da operazioa Espainian, Alemanian eta Erresuma Batuan.

Operazioa Polizia Nazionaleko Informazio Komisaria Nagusiko agenteek egin dute, baina Palmako Informazio Brigada, Inteligentzia Zentro Nazionala (CNI), Ikerketa Kriminaleko Bulego Federala (BKA), Ipar Renania-Westfaliako Ikerketa Kriminalaren Bulegoa (LKA), Scotland Yard eta Briminghameko West Midlandseko terrorismoaren aurkako taldearen laguntzarekin. Gainera, Europol, Eurojust eta Sirene agentzia europarrek ere lagundu dute operazioan.

Operatibo "konplexu" hori, 1 zenbakiko Instrukzio Epaitegi Zentralak eta Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak koordinatu dute, eta zabalik dago oraindik.

Azken bi urteetan, 2015eko ekainean Espainian terrorismo mehatxuaren alerta maila 4ra igo zenetik, 178 susmagarri atxilotu dituzte, eta 220 baino gehiago dira jada urte horren hasieratik atxilotuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Erresuma Batua Espainia albisteak Alemania albisteak Estatu Islamikoa Jihadismoa hoy Gaurko azken ordukoa