Gizartea -

Indarkeria matxista

Julen aitak hil zuela ebatzi du epai-mahaiak

Aho batez emandako epaiaren arabera, akusatuak semea hil zuen, amari dibortzioagatik mendeku hartzeko.

Julenen aita epaitegira bidean. Artxiboko argazkia: EiTB
Julenen aita epaitegira bidean. Artxiboko argazkia: EiTB
Julen Serranoren aita, Luis Serrano, errudun jo du epai-mahaiak

1:40

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epai-mahaiak erruduntzat jo du Donostian 13 urteko semea hiltzeaz akusatutako gizona. Julen labankadaz hilda topatu zuten familiak Antiguan zuen etxebizitzan, 2011n. Epai-mahaikideek aho batez ondorioztatu dute aitak hil zuela semea. Akusatuaren defentsak helegitea aurkeztuko du EAEko Auzitegi Nagusian.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak (Julenen ama eta akusatuaren emazte ohia) umea aitak hil zuela defendatu zuten epaiketan, eta 18 eta 20 urte arteko kartzela-zigorrak eskatu zituzten, hurrenez hurren.

Defentsak, berriz, akusatua absolbitzearen alde egin zuen, mutikoa ezbehar baten ondorioz edo bere buruaz beste eginda hil zela argudiatuta.

Epaiaren berri eman ostean eta Fiskaltzak eta akusazio partikularrak hala eskatuta, Augusto Maeso epai-mahaiko presidenteak Julenen aita espetxean sartzea agindu du. Behin-behinean aske egon da orain arte.

Kasua oso korapilatsua izan da hasieratik eta hiru hipotesi izan dira mahai gainean: mutikoa aitak hil zuela, ezbehar baten ondorioz sartu zuela labana bularrean eta bere buruaz beste egin zuela. Alabaina, epai-mahiko kideek ez dute zalantzarik izan eta galdera guztiak aho batez eta akusatuaren interesen kontra erantzun dituzte.

Emazteari min egiteko hil zuen semea

Epai-mahaiak frogatutzat eman du akusatua eta Julenen ama ezkonduta zeudela, lau seme-alaba zituztela eta Antiguako etxebizitza batean bizi zirela, alokairuan. 2011ko azaroan, Julenen amak dibortzioa eskatu zion auzipetuari eta honek bere burua labana batekin zauritu zuen, banaketa gelditu nahian. Psikiatrikora eraman zuten.

Alta jaso ostean, gizonezkoa bere amaren etxera joan zen bizitzera eta Julene amarekin harremanetan jartzea lortu zuen. Dibortzioaren ondorioz etxea utzi behar zuela eta, semearekin harremanetan jartzea lortu eta Antiguako etxebizitzara laguntzeko konbentzitu zuen.

Epaiak dio, etxera iritsi zirenean aitak semea hil zuela, amari dibortzioagatik mendeku hartzeko. Bat-batean eta mutikoari defendatzeko aukerarik eman gabe, labana bihotzean sartu zion eta semea hilzorian zela haren ondoan egon zen, sakelako telefonoaren bidez edo leihotik laguntza eskatu gabe.

Ondoren, labanarekin bere burua zauritu zuen, albornozaren gerrikoarekin soka-laster egin eta dutxan lotu zuen. Jarraian etxetik ihesi joan zen eta zazpi egunez desagertuta egon zen.

Hau guztia frogatutzat emanda, epai-mahaiak ez ditu akusatuaren intereserako puntu batzuk jorratu behar izan, hala nola, Julenek labana nahita sartu bazuen edo ezbehar baten ondorio izan zen.

Espetxean sartzeko agindua

Epaia irakurrita, saio azkar baten egin dute. Jorge Bermudez fiskalak hiltzailearentzat 18 urteko kartzela-zigor eskaera berretsi du; Iñigo Iruin akusazio partikularraren abokatuak, berriz, 20 urteko espetxealdia galdegin du.

Defentsak, ostera, 15 urteko kartzelaldia eskatu du, kasuan izan diren luzapenak aringarritzat hartuta.

Horrez gain, fiskalak eta akusazio partikularrak hiltzailea berehala espetxeratzeko galdegin dute, ihes egiteko edo Julenen amaren familiari min egiteko arriskua dagoela iritzita.

Epai-mahaiko presidenteak eskaera onartu du eta auzipetua espetxean sartzeko agindua eman du.

___________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Epaiketak albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak