Gizartea -
Gasteiz-Bilbo bidea
Bi bidaiarik autobus bat gelditu dute, gidariak konortea galdu ostean
Gasteiz-Bilbo bidea egiten ari zen autobus batean gertatu da. Bidaiarion esku-hartzeari esker, ez da inor zauritu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteiz eta Bilbo arteko bidea egiten ari zen La Union autobus bateko bi bidaiarik istripu bat galarazi dute arratsalde honetan. Izan ere, ibilgailuaren gidariak konortea galdu du, eta biek kontrola hartu, eta busa gelditzea lortu dute. Ez da inor zauritu.
Dena 16:30ean jazo da, N-622 errepidean, Zuia (Araba) parean. Bertan, gidaria, 58 urteko gizon bat, ondoezik sentitu da bat-batean. Konortea erabat galdu ez duenez, ibilgailua kontrolatzen saiatu da, baina ezin.
Une horretan, bi bidaiari eserlekuetatik altxatu dira eta busaren kontrola hartu dute. Ondoren, gelditu egin dute. Horri esker, ez da inor zauritu.
Anbulantziak bertaratu dira, eta gidaria Santiago Ospitalera eraman dute.
Bestalde, Ertzaintzak bidaiariak gasolindegi batera eraman ditu, eta ondoren La Union konpainiako beste ibilgailu batek Bilbora eraman ditu.
Gainera, taxi zerbitzua ere jarri dute bidaiarien eskura, Loiuko aireportura joan behar zuten bidaiarientzat.
Errepideko ezker erreia itxita izan da 18:00ak arte. Ordu horretan, busa bidetik kendu dute, eta zirkulazioa bere onera etorri da.