Gizartea -

Antiguako tragedia

Ebazpenaren zain geratu da Julenen heriotzaren inguruko epaiketa

Astelehenean elkartuko da herri-epaimahaia ebazpena adosteko. Fiskalak eta akusazioak bat egin dute, eta aitak hil zuela ia ziurtatuta geratu dela uste dute.

Julenen aita. Argazkia: EiTB
Julenen aita. Argazkia: EiTB
Epairako prest Julen Serrano haurraren heriotzaren inguruko auzia

1:54

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskalak uste du ziurtatuta geratu dela Donostian 2011n hil zen 13 urteko mutikoa aitak hil zuela, eta iritzi berekoa da akusazio partikularra. Defentsaren tesiak epaiketan "ahuldu" egin direla adierazi du akusazioak.

Miguel Castells defentsa abokatuak, berriz, esan du adingabearen heriotzaren inguruko "hamaika" aukera ireki direla epaiketan, eta guztiak "autolesiora" daudela bideratuta (bai bere buruaz beste egin izana, bai istripuz hil izana). Hala, defentsa hasieran zuen hipotesi bakarretik, gehiago izatera pasatu da.

Azken ahozko saioan txostenak aurkeztu dituzte aldeek, Gipuzkoako Auzitegian. Hurrengo astelehenean herri-epaimahaia bildu egingo da Julen aitak hil ote zuen erabakitzeko. 18 eta 20 urte arteko zigorrak eskatzen dituzte aitaren aurka.

Jorge Bermudez fiskalarentzat eta Iñigo Iruinek ordezkatzen duen akusazio partikularrarentzat, inputatuak labana sartu zion semeari bularrean emazteari mina egiteko, banatzeko prozesuarekin jarraitu nahi zuelako, eta horrek "etsipena eta amorrua" sortzen zion, Bermudezen arabera.

Akusazioek azpimarratu dute Julenen inguruko lekukoek gazte "alaia" eta "zoriontsua" zela adierazi dutela, gurasoen banaketa prozesuak ez ziola bere buruaz beste egiteko moduko atsekaberik eragin. Buruaz beste egitearena erabat baztertu dute akusazioek

Istripuz hil izana ere baztertu egin dute akusazioek, ezinezko jota, baina auzitegi-mediku batzuek adierazi dute posible dela defentsaren teoria, itsulapiko bat ireki nahian labana sartu izana. Paco Etxeberria auzitegi-medikuak, Iruinek eramandakoak, ordea, erabat zentzugabe jo zuen aukera hori.

Castellsen arabera, posible zen istripua gertatu zenean itsulapikoa armairu barruraino erortzea, bertan aurkitu baitzuten, baina akusazioek ez dute teoria hori onartzen. Horren aurrean, akusazioek Julen hilda agertu zen logelan azaldu zen goxoki poltsa ekarri dute eztabaidara. "Denbora guztian muturraren aurrean izan dugun proba bat da, hor zegoen odolarekin zikinduta", adierazi du fiskalak.

Iruinek gaineratu du "Julenek ukitu zuen azkeneko objektua" izan zela eta eskutatik erori zitzaiola labankada jaso zuenean. "Poltsa horrek bere kasa hitz egiten du, eta bigarren mailan egon da. Ondorioa da zauria ez ziola bere buruari eragin. Inork ez du bere buruaz beste egiten eskuetan goxoki poltsa bat duela. Ez zuen bere buruaz beste egin eta ez zen istripurik izan. Aita izan zen labana sartu ziona", azpimarratu du.

Castellsek esan du akusatuaren jokabide zalantzatia "shock egoeran" zegoelako izan zela, eta "memoriari kalte egiten dion gertakari traumatiko" horrek eragin zuela ekaineko deklarazioan hanka sartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Delituak Epaiketak bideoak Gizartea Eguneko albisteak