Gizartea -
Haur-eskolak
Jaurlaritzak barkamena eskatu du Haurreskolak Partzuergoko ilarengatik
Cristina Uriartek sailburuak esan du "aurreikus ezin zitekeen" egoera baten aurrean hartutako "salbuespeneko" neurri baten ondorio izan zela gertatutakoa.
Agentziak | Erredakzioa
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak barkamena eskatu du Haurreskolak Partzuergoan izan ziren ilara luzeengatik, baina erantsi du "aurreikusi ezin zitekeen" egoera baten aurrean hartutako "salbuespeneko" neurri baten ondorio izan zela guztiak.
Ekainaren 12a eta 14a bitartean, ehunka irakasle Haurreskolak Partzuergoaren egoitzaren aurrean bildu ziren, ordezkapenetarako zerrendak ezustean eta bi egunetarako soilik ireki zirelako. Hautagai askok gaua ilaran igaro zuten, izena eman ahala ematen baitzituzten plazak.
EH Bilduk eskatuta, Uriartek azalpenak eman behar izan ditu gaur Legebiltzarrean. Rebeka Ubera koalizio soberanistako legebiltzarkideak esan du "ikuskizun penagarria" izan zela han gertatutakoa eta salatu du zerrendak bi egunerako ireki zirela, "sei urtez itxita egon direnean".
Uberaren arabera, honek guztiak partzuergoko arduradunen "planifikazio falta" erakusten du eta Eusko Jaurlaritzak Hezkuntzan egindako "murrizketen ondorio" da.
"Ez zegoen denborarik"
Uriartek barkamena eskatu du prozedura horrek eragin zituen eragozpenengatik, baina gertatutakoa justifikatu du.
Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, Haurreskolak Partzuergoko lan-poltsan 500 irakasletik gora daude, "nahikoa eta sobera haur-eskoletako ordezkapenak egiteko".
Alabaina, hautagai horietatik guztietatik "20 soilik agertu ziren prest lanerako eta hori ez da batere ohikoa". Horregatik eta "inoiz baino ordezkapen gehiago" behar izanagatik, "aurreikus ezin zitekeen ezohiko egoera eragin zen".
Gauzak horrela, sailburuaren arabera, "ez zegoen denborarik gauzak beste modu batera egiteko eta zerrendak premiaz ireki ziren, berehalako erantzun bat emateko".