Gizartea -
Epaiketa Donostian
Julenen etxean topatutako itsulapikoetan ez zegoen odol arrastorik
Defentsak dio mutikoa itsulapikoa labana batekin irekitzerakoan izandako ezbehar baten ondorioz hil zela.
Agentziak | Erredakzioa
Antiguako etxe batean labankadaz hilda agertu zen Julen mutikoaren heriotza argitzeko epaiketan Ertzaintzaren unitate zientifikoko bi agentek deklaratu dute gaur eta ziurtatu dute etxebizitzan topatu zituzten itsulapikoetan ez zegoela inolako odol arrastorik.
Datu horrek aparteko garrantzia dauka; izan ere, defentsak babesten duen hipotesiaren arabera, 13 urteko umea itsulapikoa labana batekin irekitzen saiatzerakoan hil zen, irrist egin eta nahi gabe bularrean sastatuta.
Joan den asteko saioan, forentseek ere istripua jo zuten hipotesi nagusitzat, suizidioaren edo hilketaren aurretik. Alabaina, Paco Etxeberria antropologo forentse ezagunak "ezinezkotzat" jo zuen aukera hori eta, zantzu guztien arabera, homizidio baten aurrean egon gaitezkeela esan zuen.
Gipuzkoako Auzitegiko lehen sekzioan epaiketaren 10. saioa egin dute gaur. Julenen etxea miatu zuten ertzainek deklaratu dute.
Epaiketak datorren astelehenean jarraituko du. Aldundiko bi teknikarik eta psikologo batek deklaratuko dute orduan.
Julenen hilotza 2011ko abenduaren 1ean aurkitu zuten, bere etxean, Antiguako auzoan.