Gizartea -
Bermeoko sutea
Aseguru-etxeek Bermeoko suteagatik egindako eskaerak atzera bota dituzte
Suteak kaltetutako bizilagunei ordaindu zizkieten kalte-ordainak itzultzea eskatzen zuten aseguru-etxeak.
Agentziak | Erredakzioa
2013ko apirilaren 11n Bermeoko alde zaharrean izan zen sute handiaren epaiketa duela hilabete inguru egin zen.
Suteak kaltetutako bizilagunei, hots, euren bezeroei ordaindu zizkieten kalte-ordain guztiak itzultzea eskatu zuten sei aseguru-etxeek. Alabaina, epaileak atzera bota ditu eskaera horiek guztiak, EFE berri-agentziak zabaldu duenez.
Sua nola piztu zen eta, beraz, erantzulea nor den egiaztatzea ezinezkoa izan delako akusatu guztiak absolbitu egin ditu. Beste aseguru konpainia batzuk eta eraikinaren beheko solairuan zegoen Athletic tabernako jabea eta alokatzailea zeuden auzipetuta.
Ebazpenean, epaileak dio akusazioaren perituek ezin izan dutela sua non piztu zen argitu.
Aseguru-etxeetako peritu gehienek sua tabernan piztu zela defendatu zuten, horietako batzuk tabernaren sabaian piztu zela esan zuten eta gainerakoek jantokia eta sukaldea artean. Beste peritu batek, berriz, sua eraikinaren lehen solairuko etxebizitzan hasi zela adierazi zuen.
Alabaina, epaileak dio ez dutela hipotesi hori behar bezala argudiatu; izan ere, beheko solairuko hainbat elementu (mahaiak, aulkiak eta alfonbra, adibidez) ez ziren erre eta sua tabernan piztu izan balitz hori guztia kiskali egingo litzateke.
Sua nola piztu zen ere ez dute argitu: peritu batzuek esan zuten instalazio elektrikoan izandako akats batek eragin zuela; beste batzuek, berriz, tabernan konektatutako termo batek eragin zuela.
Hala ere, epaiak dio instalazio elektrikoan ez zela aparteko akatsik antzeman, ezta tabernan konektatutako termoan ere.
Perituen txostenek sua non eta nola piztu zen argitu ez zutenez, epaileak lekukoen testigantzak eta Ertzaintzaren txostenak aztertu zituen .
Lekukoek esan zuten ez zutela surik ikusi Athletic tabernan, ezta kerik ere. Bestalde, Ertzaintzaren talde zientifikoak egindako txostenak dio ezinezkoa izan dela sua non hasi zen jakitea eta, beraz, ezin daitekeela ziurtatu sua ezbehar baten ondorioz edo nahita piztu zen.
Horrela bada, frogatu gabe geratu da sei aseguru-etxeek esaten zutena: sua tabernan piztu zela, alegia.
Hori dela eta, epaileak atzera bota ditu aipatu konpainien eskaerak. Bizkaiko Auzitegian apelazio-errekurtsoa aurkezteko aukera izango dute orain.
Bizkaian azken 30 urtetan gertatutako suterik larriena izan zen Bermeokoa. 12 eraikin kiskali ziren, horietako hiru behera erori ziren eta 70 pertsona inguruk etxea galdu zuten.
Kaltetutako eraikinak eraberritzeko zazpi milioi euro erabili dituzte. Eroritako hirurak ez ziren berriro eraiki.