Gizartea -

Epaiketa Donostian

Julenen heriotza argitzeko froga bat epaiketatik erretiratu dute

Umea hil ondorengo zazpi egunetan akusatuak egin zuena epaiketan froga bezala ez erabiltzeko eskatu zuen defentsak eta epaileak onartu egin du.

Miguel Castells eta Iñigo Iruin abokatuak epaiketan. Argazkia: EFE
Miguel Castells eta Iñigo Iruin abokatuak epaiketan. Argazkia: EFE
Miguel Castells eta Iñigo Iruin abokatuak epaiketan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antiguan hildako mutikoaren kasua argitzeko epaiketan ezusteko erabakia hartu du epaileak: semea hilda agertu ondorengo zazpi egunetan aitak egin zuena epaiketan froga bezala ez erabiltzea onartu du, Miguel Castells akusatuaren abokatuak hala eskatuta.

Castellsek joan den ostegunean egin zuen aipatu eskaera, gertaerak berritzeko izapideak abokatu baten laguntzarik gabe egin zituelako auzipetuak eta horrek bere oinarrizko eskubideak urratu zituela argudiatuta.

Julen aitak bere borondatez erabaki zuen abokatu baten laguntzarik gabe kontatzea umea hil ondorengo zazpi egunetan non egon zen eta zer egin. Alabaina, Castellsek dio abokatu baten asistentzia izateko eskubideari ezin zaiola uko egin, are gutxiago ertzainek bere testigantza froga moduan jaso zutela kontuan hartuta.

Gainerako aldeak harrituta agertu ziren Castellsek egindako planteamenduarekin eta Iñigo Iruin akusazio partikularraren abokatua haserre azaldu zen. Iruinen ustez, oinarrizko eskubideak urratu direla antzematen denean, “berehala aurkeztu behar dira alegazioak, ahozko epaiketara itxaron gabe”.

Ildo horretan, Iruinek azpimarratu defentsak “epez kanpo” jardun duela, epaiketa hasita dagoelako, eta kritikatu du akusazio partikularra “babes gabe” utzi duela, froga hori bere estrategian garrantzitsua zelako.

Jorge Bermudez fiskalak ere kritikatu du erabakia, instrukzio fasea duela urte batzuk abiarazi zelako eta, beraz, denbora nahikoa egon delako horrelako froga bat baliorik gabe uztea eskatzeko.

Augusto Maeso epaileak eskaera horren inguruko erabakia hartzeko epea gaur arte atzeratu zuen, gaia ondo aztertu ahal izateko. Gaur berriro entzun ditu batzuen eta besteen azalpenak eta azkenean Julen hilda agertu eta ondoren zazpi egunetan akusatuak egin zuena kontutan ez hartzea ebatzi du.

 
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Epaiketak albisteak Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa