Gizartea -

Donostia

Semea hiltzeko erabilitako labana ez zela etxekoa esan du Julenen amak

Horrez gain, Julen 'zoriontsu' ikusten zuela aitortu du epaiketaren gaurko saioan, nahiz eta gurasoak banantze-prozesuan egon.

Semea 'zoriontsu' ikusten zuela aitortu du Julenen amak epaiketan

1:38

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Antigua auzoko etxe batean 2011. urtean labankadaz hilda aurkitu zuten 13 urteko mutikoaren amak epaiketaren gaurko saioan adierazi duenez, ez zuen etxean semeari heriotza eragin zion labanaren antzekorik. Halaber, semea "zoriontsu" ikusten zuela aitortu du, gurasoak banantzen ari ziren arren.

Julenen aitaren aurka Donostian egiten ari diren epaiketaren seigarren saioan deklaratu du emakumeak. Defentsak akusatua errugabea dela dio, eta Julen istripuz hil zela babestu du, motorzale-kasko baten itxura zuen itsulapikoa irekitzeko erabilitako labana konturatu gabe bularrean sartuta.

Itsulapiko horren inguruan hitz egin dute azken saioetan, batez ere. Heriotza gertatu eta gero gelara sartutako lekukoek ez dute orain arte han ikusi izana gogoratu.

Hori dela eta, objektu horri buruz ere hitz egin dute amari egindako galdeketan. Haren esanetan, umea hil zen gelako armairu batean gordetzen zuen.

Ondoren, Juleni heriotza eragin zion labana ere aztertu dute saioan. Amaren esanetan, ez du antzeko labanarik etxean. Bestalde, Julen ume "zoriontsua" zela gogoratu du, eta "oso ondo zegoela", nahiz eta gurasoak banantzen aritu.

Julenen aitarengandik zergatik banandu zen ere azaldu du: urte batean, jokoan 120.000 eta 140.000 euro artean gastatu zituela ohartu zelako hartu zuen erabakia.

Akusatuak seme-alabekin zuen harremanari dagokionez, "nahiko urrunekoa" zela adierazi du, ez zekielako "ezertxo ere" sendagilearengana egiten zituzten bisitei buruz, ezta eskolako bileren inguruan ere. Etxera iristen zenean, gelan sartu eta "uneoro haurrak saihesten" ahalegintzen zela zehaztu du.

Banandu egin nahi zuela esan eta gero, gizona "obsesiboa" bihurtu zela baieztatu du, eta etengabe saiatzen zela mezu bidez edo bien lagun baten bitartez harekin hitz egiten.

Horrez gain, gizona zainak mozten ahalegindu zela ere argitu du, Julen eta arreba txikiago bat aurrean zituela. Hori ikusita, indarkeriagatik salatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia argazkiak Gizartea bideoak Eguneko albisteak