Gizartea -
Uholde txikiak
Urak Nafarroako kale eta etxabe batzuk hartu ditu 10 minutuan
Hamar minutuan, urak autoak harrapatu ditu, eta gidariek zailtasunak izan dituzte, errepidean ur baltsa handiak sortu baitira.
Agentziak | Erredakzioa
Ostegun gauean Nafarroan izandako euri-jasa handiak uholde txikiak eragin ditu han-hemenka, eta zenbait tokitan kaleak eta etxabeak urez bete dira. Hamar minutuan, urak autoak harrapatu ditu, eta gidariek zailtasunak izan dituzte errepidean ur baltsa handiak sortu baitira. Ekaitzak inguru hauetan eragin ditu kalte handienak: Nafarroako Erdialdea, Erribera eta Estellerria.
Nafarroako Gobernuaren estazio meteorologikoek bildutako datuen arabera, euri-jasa handienak Tafallan izan dira, ordubetean metro koadroko 46,2 litro inguru pilatu baitira.
Halaber, San Martin Unx udalerrian metro koadroko 41,8 litro bildu dira; Tuteran, 39,6; eta Mirandan, 35,6.
Euriaz gain, trumoiak eta tximistak entzun eta ikusi ziren Nafarroan, eta 50 kilometro orduko abiadura gainditu zituzten haize-boladek arazoak sortu zituzten hainbat udalerritan. Tafallan, abiadura hori bikoiztu zuen haizeak (103 km/h), eta orduko 85 kilometrorainoko haize-boladak egon ziren Larragan. Bestalde, Bardean eta Murillo el Fruton, 60 km/h-ko haize-boladak neurtu ziren.
Ekaitzak uholde txikiak eragin zituen, eta udalerri askotako kaleak eta etxabeak urez bete ziren. Urak autoak harrapatu zituen, eta tximistek kalte materialak sortu zituzten. Valtierran, esaterako, NA134 errepidean, zulo bat eragin zuen.
Haizeak zuhaitzak eta hesiak bota zituen, eta gidariek ere zailtasun handiak izan zituzten errepidean. Gainera, elektrizitatea eten egin zen zenbait tokitan.
Erriberan, txingor-ekaitza izan zen atzo, eta eragindako kalteen zenbatekoa neurtzen hasi dira jada.
Twitter sare sozialeko erabiltzaile askok euri-jasen inguruko edukiak zabaldu zituzten: