Gizartea -

268 egunez bahituta

Kooperanteak askatu dituztela baieztatu du Espainiako Gobernuak

Roque Pasqual eta Albert Vilalta beraien emazteekin bildu dira Burkina Fason eta gauerdia baino lehen ez dira Bartzelonara heldu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Albert Vilalta eta Roque Pascual Uagadugura heldu dira astelehen arratsaldean eta Blaise Compaore Burkina Fasoko presidentearekin bildu dira. Gatibualdia amaitu delako pozik agertu da Vilalta, Uagadugun egindako adierazpenen arabera. "Pozik gaude; egun berezia da guretzat", esan die kazetariei Burkina Fason lurreratu eta gero.

Kooperante biak emazteekin bildu dira Burkina Fason eta gauerdia baino lehen ez dira Bartzelonara heldu.

Ia bederatzi hilabeteren ostean, Al Kaidak Roque Pasqual eta Albert Vilalta kooperante kataluniarrak askatu dituztela baieztatu du Espainiako Gobernuak.

Magrebeko Al Kaidako talde batek jakinarazi duenez, hainbat eskari bete ostean askatu dituzte Kataluinako bi kooperanteak.

Amaiera zoriontsua

Jose Luis Rodriguez Zapatero Exekutiboko presidentea amaiera zoriontsuagatik poztu da, eta azaroaren 29an bahitutako Roque Pasqual eta Albert Vilalta, gauerdian Bartzelonara helduko diren berri eman du.

Soraya Rodriguez Nazioarteko Kooperazioko idazkaria eta Accio Solidarioko kooperanteen emazteak Burkina Fasoko hiribururako, Uagadugurako, bidean daude Pasqual eta Villalta etxera bueltan ekartzeko. 18:00etan lurreratuko omen da hegazkina herrialde afrikarrean eta horrenbestez, kooperanteak ez dira gauerdia baino lehen Bartzelonara helduko.

Roque Pascualen eta Albert Vilaltaren askapenean lagundu duten Gobernuen eta "bereziki", ingurukoen lana eskertu du Zapaterok.

Moncloan egindako agerraldian, Zapaterok azpimarratu du "poztasun egun" honek "inoiz jazo behar ez zen ekintza terroristari" amaiera ematen diola. Halaber, Pasqual eta Villaltarekin batera bahitutako Alicia Gamez gogoan izan du Espainiako presidenteak. Gamez martxoan askatu zuten eta Espainiako Exekutiboak bere lagunen askapena jakinarazi dio.

Bahitutako bi lagunen senitartekoen konfiantza "bihotzez" eskertu Zapaterok, eta halaber, "amaiera zoriontsua" lortzen lagundu duten hedabideen "zuhurtzia" txalotu du.

Espainiako Gobernuko presidenteak askapenaren berri eman die talde parlamentariei, kooperanteen GKEari, Jose Montilla Generalitateko presidenteari, eta Jordi Hereu Bartzelonako alkateari.

Accio Solidariak cavaz ospatu dute

Barcelona Accio Solidaria GBEko kideek euren lagunen askapena cavaz ospatu dute. Frances Osan GBEko presidentearen agerraldia, Zapatero presidenteak Madrilen eman duen prentsaurrekoarekin ia bat egin du. Osanek azaldu duenez, azkenik Maria Teresa Fernandez De la Vegak baieztatu dio euren kideak "toki seguruan" daudela eta gaur gauean Bartzelonara helduko direla.

"Oso pozik gaude. Bederatzi hilabeteren ostean, poztasun handia da. Aspaldi horren zain geunden", adierazi du Osanek eta bai bera baita bere kideak ere, Vilalta eta Pascual besarkatzeko irrikitan daudela gaineratu du. Horren harira, Alicia Gamez ere, El Prateko aireportura joatea espero dutela esan du.

Astero bezala, Barcelona Accio Solidariak asteazkenean Placa del Rein kontzentrazioa egingo duela aditzera eman du. Oraingoan, kooperanteen askapena eskatu beharrean, euren itzulera ospatzeko abagunea izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea