Gizartea -
Enplegu publikoa
LEPetan ez dela hizkuntza-eskakizun egokia ezartzen kritikatu du Behatokiak
Aurkeztu berri duen txostenaren arabera, 2016an "hizkuntza-eskubideen urraketak Administrazioaren alor guztietan" gertatu dira berriro.
agentziak | erredakzioa
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salatu du euskal administrazioko lan-eskaintza publikoetako hizkuntza-eskakizunak ez direla egokiak, eta "alor horretan duen jokabidea aldatzeko" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Behatokiak aurkeztu berri duen txostenaren arabera, 2016an "hizkuntza-eskubideen urraketak administrazioaren alor guztietan" gertatu dira berriro.
Garbiñe Petriati Behatokia erakundearen zuzendariak esan du euskaraz bizi nahi duten pertsonek "diskriminazioa" jasaten dutela "egunero", eta "bizi-kalitatean, ongizatean eta duintasunean galera" dutela.
Hizkuntza eskubideen urraketen "puntu beltza" lan-eskaintza publikoen konfigurazioan dago, Petriatiren esanetan.
"Une estrategikoan gaude administrazioak berritzeari dagokionez. Beharrezkoa da alor horretako jokabidea aldatzea, urraketak betikotu nahi ez baditugu", gaineratu du Behatokiko zuzendariak.