Gizartea -
San Fermin 2017
Sanferminetako su artifizialen lehiaketak diseinatzaileen lana sarituko du
Emakumezkoek presentzia handiagoa izango dute, nazioarteko lau piroteknia izango dira eta, orotara, hiru sari banatuko dituzte: urrezkoa, zilarrezkoa eta brontzezkoa.
Agentziak | Erredakzioa
Sanferminetako su artifizialen lehiaketak piroteknietako diseinatzaileen lana aintzat hartuko du eta hiru sari banatuko dituzte: urrezkoa, zilarrezkoa eta brontzezkoa.
Lehiaketa uztailaren 6tik 14ra izango da eta 184.500 euro erabiliko dituzte, Maider Beloki Kultura, Hizkuntza Politika, Hezkuntza eta Politika zinegotziak jakinarazi duenez.
Edizio honetan zenbait berritasun izango dira, hala nola, sariak. Irabazleak Urrezko San Fermina eta 5.000 euroko saria jasoko du; bigarrenari, Zilarrezko San Fermina eta 3.000 euro emango dizkiote; eta hirugarrenari, Brontzezko San Fermina eta 2.000 euro.
Gainera, ikuskizun piroteknikoaren egileak sarituko dituzte aurrerantzean, "sormena lan horien atzean dauden pertsonak goraipatzeko".
"Artistak direla ulertzen dugu, su artifizialekin egindako ikuskizun bakoitzaren atzean obra bat dagoelako", erantsi du Belokik.
Bestalde, edizio berri honetan emakumeek presentzia handiagoa izango dute, bederatzi lehiakideetatik hiru emakumezkoak izango direlako.
Amaitzeko, lehen aldiz nazioarteko lau piroteknia izango dira Iruñeko su artifizialen lehiaketan: Saint Arnoult frantziarra; Kaliningrado errusiarra; Altipiani di Arcinazzo italiarra; eta Santao-Felgueiras portugaldarra.