Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Sexu-erasoen aurka, emakumezkoak eta gizonezkoak biltzeko kanpaina
Nafarroako Gobernuak "zeuen ezetza geurea ere bada" leloa erantsi du kartelean, sexu-erasoen kontrako borrokan gizonezkoak inplikatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Jaietan izan ohi diren sexu-erasoen eta jazarpenaren kontrako kanpaina jarri dute abian Nafarroan.
Aurtengo kartelak bi goiburu izango ditu: "Ezetza ezetz da" eta "Zeuen ezetza geurea ere bada". Bigarren leloarekin gizonezkoen inplikazioa lortu nahi dute eraso sexisten aurkako borrokan.
Nafarroako Berdintasun Institutuak gaur aurkeztu du udalekin eta kontzejuekin elkarlanean landu duen "Eta jaietan, zer?" izeneko kanpaina.
Aurkezpenean komunikabideek indarkeria matxistari lotutako albisteen berri ematerakoan jokatzen duten paperaz ere aritu dira.
Aurtengoan, bi goiburu sartu dituzte kartelean, emakumeek ez ezik, gizonezkoek ere beren jarrera adieraztea ezinbestekoa dela iritzita. Horrela bada, irudian jatorri ezberdinetako emakumezkoak eta gizonezkoak ageri dira, baita ezgaitasunen bat dituzten pertsonak ere, "horiek baitira arrisku gehien dutenak".
Emakumeen kontrako erasoak udan areagotu egiten dira, tokian tokiko festa gehienak garai horretan izaten direlako eta jaietan jarrera matxistak "normaltasun gehiagoz" onartzen direlako.