Gizartea -

Epaiketa

Epaimahaia osatu dute Antiguako auziaren epaiketaren lehen egunean

Gipuzkoako Fiskaltzak 18 urteko kartzela-zigorra eskatuko du; akusazio partikularrak, berriz, 20 urtekoa.

Donostiako Justizia Auzitegia. EiTB
Donostiako Justizia Auzitegia. EiTB
Duela 6 urte Donostia astindu zuen mutikoaren heriotzaren epaiketa hastear

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasiko da 2011n Donostiako Antigua auzoko etxe batean ustez 13 urteko semea labankadaz hiltzea leporatuta atxilotu zuten gizonaren aurkako epaiketa. Gaurko saioan epaimahaia osatu dute, Gipuzkoako Auzitegian. Ahozko epaiketak hiru aste irautea aurreikusi dute.

Gipuzkoako Fiskaltzak 18 urteko kartzela-zigorra eskatuko du prozesatuarentzat; emazte ohi eta hildakoaren amak, ordea, 20 urte eskatuko ditu. Bestalde, defentsak akusatua libre uztea eskatu du.

Kasuaren iturriek Eferi adierazitakoaren arabera, Paco Etxeberria antropologoak deklaratuko du ekainaren 9an, aditu gisa. Hildako umeak bere buruaz beste egin zuela baztertzeko asmoz deklaratuko du.

2011ko azaroan hasi zen guztia. Orduan, hildakoaren amak banatzea eskatu zion akusatuari. Abenduaren 1ean, gizonak ustez labankadaz hil zuen semea, eta, ondoren, desagertuta egon zen abenduaren 7ra arte.

Defentsak erabat ukatu du akusatuak semea hil izana. Heriotza umearen "erorketa bortitz batek" eragin ziola defendatu du. Semearen heriotzak aitari "shock egoera" eragin ziola azaldu du defentsak, baita "despertsonalizazio desoreka" ere, eta, ondorioz, "adimen gaitasuna erabat galdu zuen, kontzientzia lausotuta". Beraz, defentsaren ustez, "ezin izan zuen laguntzarik eskatu".

Epaiketa bihar, asteartea, hasiko da, aurrez aztertu beharreko kontuekin eta akusatuaren deklarazioarekin. Ondorengo asteetan, dozenaka ertzain, aditu, forentse eta lekuko izango dira epaiketan, baita akusatuaren emazte ohi eta hildakoaren ama ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Epaiketak bideoak Gizartea albisteak Albisteak