Gizartea -
Ezbeharra
Beste bi egun beharko dituzte espeleologoaren hilotzeraino iristeko
Hilotza berreskuratzeko lanean ari den taldeak lehenengo zuloa egonkortu du dagoeneko, eta lanak gutxienez beste bi egun irautea aurreikusten dute.
Eitb.eus
Ostegunean Galdamesko leize batean harri batek buruan jota hil zen espeleologo bizkaitarraren hilotza ateratzeko lanean diharduen lantaldeak dagoneko egonkortu dute lehendabiziko zuloa. Alabaina, hildako espeleologoaren gorputza dagoen lekura iritsi arte gutxienez beste bi egun beharko dituztela adierazi dute.
Izan ere, eremu ezegonkor eta arriskutsuan ari dira lanean, eta hilotzaren tokira heltzen direnean egoera aztertu beharko dute berriro, zein estrategia hartu behar duten erabakitzeko. Hala adierazi du Gaizka Etxabe Eusko Jaurlaritzako Larrialdi Zerbitzuetako arduradunak. "Dena ondo badoa, bi egun beharko ditugu hilotza dagoen tokira heltzeko. Orduan are eta zailagoa eta arriskutsuagoa den lana hasiko da, era oso zorrotzean aztertu beharko dena", adierazi du etxabek.
Ertzaintzako Mendiko Erreskate Taldeko langileak Galdamesko kobazuloaren arriskugarritasuna aztertu dute larunbat goizean zehar. Kontrolatutako leherketak egin dituzte, hondakinak kentzeaz gain. Hildakoa dagoen lekura hurbiltzen saiatzen ari dira, handik atera ahal izateko.
Guztira 80 pertsona inguru daude erreskate lanetan parte hartzen, tartean Asturiaseko Meategietako teknikariak ere.
Luizia
Hildakoa Santurtziko 37 urteko gizonezko bat da, horren arabera. Galdamesko San Pedro auzoan dagoen koba batean topatu zuten, harri multzo baten azpian. Espeleologoa koba barrura sartu, eta gainera eroritako harri batek jota hil omen zen, adituen ustez.
Senideek ostegun gauean ohartarazi zioten Ertzaintzari hura espeleologia egitera joana zela, eta haren berri ez zutela. Ordu gutxi geroago aurkitu zuten haren gorpua.