Gizartea -
Errekaleor
Gasteizko Udalak ez du argindarrik jarriko Errekaleorreko kaleetan
Udalak uko egin dio aukera horri, arriskutsua litzatekeelakoan, eta iragarri du farolak pizteko eguzki energia bezalako alternatibak erabiltzea aztertuko duela.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Udalak ez du argindarrik jarriko Errekaleorreko kaleetan eta farolak pizteko eguzki energia bezalako alternatibak erabiltzea aztertuko duela iragarri du, EFE berri-agentziak zabaldu duenez.
Errekaleor auzo okupatuan 150 pertsona baino gehiago bizi dira. Udal Idazkariak atzo egindako txosten teknikoaren arabera, Gasteizko Udalaren ardura da auzo horretako kaleetan argia jartzea.
Legeak, baina, ez du zehazten iturria zein izan behar den eta aukera horri heldu dio Udalak argindarra berriro ez jartzeko.
"Argiteria publikoa iturri ezberdinetatik lor daiteke: elektrizitatetik, eguzki energiatik edo bestelako iturrietatik. Baina Errekaleorren ez dugu argindarrik jarriko, Industria Sailak eta Iberdrolak egindako txostenen arabera, auzo horretako instalazioak ez baitaude horretarako prestatuta", nabarmendu dute Udaletik.
Nolanahi ere, oraingoz ez dute urrats hori emateko datarik aipatu, "lehendabizi instalazio elektriko bat jarri ezin daitekeela egiaztatu behar dugulako eta ondoren eguzki energia erabilita piztuko diren farola jartzea posible den aztertu behar dugulako", zehaztu dute.
Bestalde, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek datorren larunbatean Errekaleorreko bizilagunei babesa adierazteko Gasteizen antolatutako manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.