Gizartea -

Bilbo

Manifestazio isila Zorrotzan, hildakoen omenez eta irtenbideak eskatzeko

Mila pertsona inguru elkartu dira xingola beltza soilik zuen pankarta zuri baten atzean.

Zorrotzako manifestazioa. Argazkia: Efe
Zorrotzako manifestazioa. Argazkia: Efe
Udalak auzoa ahaztuta eduki duela salatu dute Zorrotzako bizilagunek

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zorrotzako herritarrek manifestazio isila egin dute gaur arratsaldean larunbateko sutean hildako lau lagunen omenez, eta Bilboko Udalari eskatu diote auzo horren utzikeriari irtenbidea emateko.

Milatik gora pertsona inguru elkartu dira xingola beltza soilik zuen pankarta zuri baten atzean, Zorrotzako bizilagunen elkarteek deituta, eta sutea izan zen eraikinean amaitu dute manifestazioa.

Han, manifestariek minutuko isilunea egin dute etxebizitzaren parean, eta txalo zaparradarekin eman diote amaiera.

Manifestazioan Bilboko Udaleko alderdi politikoetako ordezkariek ere parte hartu dute.

Zorrotzako koordinakundeak, eskoletako guraso elkarteak, merkatarienak eta bizilagunenak barne hartzen dituenak, prentsaurrekoa eman du goizean tragediaren inguruan iritzia plazaratzeko.

Gainera, gaur jakinarazi dute arratsaldean bilera izan dutela bizilagun elkarteek eta Udalak auzoarentzat irtenbideak bilatzeko. Udalak ez du horren inguruko informaziorik eman nahi izan, "barne bilera" izan delako.

Baina manifestazioaren amaieran, bizilagunen ordezkari batek esan du Juan Mari Aburto alkatea eta Alfonso Gil alkateordea izan direla beste zinegotzi batzuekin batera, eta auzoan egitekoak diren proiektuak bururaino eramateko konpromisoa berretsi omen diete.

Bozeramaileak "positibo" jo du batzarra, eta gaineratu du "puntu eta aparte" izan beharko litzatekeela tragedia errepika ez dadin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Suteak Gizartea Gaurko azken orduko albistea Protestak gaur