Gizartea -

Diru-sarrerak bermatzeko

Etxe bakoitzeko gehienez errenta bat ematea proposatu du Jaurlaritzak

Diru-sarrerak bermatzeko errentaren araudia aldatzeko 15 proposamen zehatz egin ditu Beatriz Artolazabalek zuzentzen duen Sailak.

Artolazabal, artxiboko argazki batean. EFE
Beatriz Artozabal. EFE
Jaurlaritzak etxe bakoitzeko gehienez errenta bat ematea proposatu du

1:31

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orain arte, diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DBE) jasotzaile bat baino gehiago egon zitezkeen etxebizitza berean. Hori aldatu nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta laguntzon inguruko araudia erreformatzeko egindako proposamenean, gehienez errenta bat ematea planteatu du.

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur aurkeztu du erreformaren proposamena, Eusko Legebiltzarrak maiatzean egindako galdeari men eginez.

Proposamenean 15 aldaketa zehatz eta bost araudi moldaketa jaso ditu Jaurlaritzak. Neurri esanguratsuena etxebizitza bakoitzeko jaso daitezkeen errenta kopuruari dagokio. Orain arte, jasotzaile bat baino gehiago egon zitekeen bizileku berean. "Salbuespenak salbuespen" eta jasotzaileak senide diren gorabehera, bakarra izatea nahi du Urkulluren gobernuak aurrerantzean.

Gehienez, bat

Eman beharreko diru-laguntzen zenbatekoari dagokionez, honako eredua proposatu du Artolazabalek: oinarri bat, 450 eurokoa, eta osagarriak ematea. Eskatzailea bakarra bada, 650 euro jasoko ditu; bikote batek, 810 euro, eta bi seme-alaba adingabe dituen bikoteak, 1.014. Gurasobakarrekoek, ezintasunen bat dutenek eta indarkeria matxistaren biktima direnek 100 euroko osagarria izango dute.

Gehienez 1.200 euro kobratu ahalko dira familiako (egun indarrean dagoen araudiaren antzeko kopurua da).

Bizilekua eta onsasunak

Era berean, diru-sarrerak bermatzeko laguntzaren jasotzaileek benetako bizilekua zein den frogatu beharko dute Euskadin, gutxienez hiru urtekoa, Jaurlaritzak ematen duen laguntza ekonomiko hori eskuratu ahal izateko. Dena dela, 18 urte bete ez dituzten seme-alabak izanez gero, nahikoa izango da bi urteko etxebizitza zein izan den frogatzea.

Alabaina, gainontzeko kasuetan ez da aldaketarik egingo, eta diru-sarrerak bermatzeko errenta eskatzen dutenek 24 hilabetez haien benetako etxebizitza zein izan den frogatu beharko dute. Edonola ere, errefuxiatuen eta asilo eskaera egiten duten pertsonen kasuan ez da beharrezkoa izango baldintza hori betetzea.

BEATRIZ ARTOLAZABAL RGI EFE

Beatriz Artolazabal, Batzorderako bidean. Argazkia: EFE

Irregulartasunak

Era beran, jasotzaileen ondarea aintzat hartzeko orduan ere aldaketak izango dira. Orain arte, ohiko etxebizitzaz aparte, ezin zen eduki beste ondarerik, nahiz eta balio txikikoa izan. Aurrerantzean, ondasunen benetako balioari erreparatuko zaio.

Iruzurrari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak errenta zertan gastatzen den jakiteko neurriak jarri nahi ditu indarrean, eta erabilera txarra eginez gero, laguntza kendu. Dena dela, erraztasunak ezarriko ditu laguntzak emateko prozesuan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra bideoak EAE Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa DSBE 2024