Gizartea -
Urteurrena
Bi urte igarota, Spanairren istripuaren azken txostena amaitzeke
2008ko abuztuaren 20an Barajaseko aireportuan izan zen istripuan 154 lagun hil ziren, kanariarrak gehienak. Aire konpainiako bi teknikari auzipetuta daude ezbeharragatik.
Erredakzioa
Bi urte beteko dira gaur Barajaseko aireportuan Spanairren hegazkin batek istripua izan eta 154 lagun hil zirenetik. Kanariar Uharteetakoak ziren biktima gehienak. Bi urte pasa arren, ikerketaren azken txostena oraindik ez dago amaituta. Gaur, biktimak gogoratzeko ekitaldiak egingo dituzte Madrilen eta Kanariar Uharteetan.
10:30etik hasita hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Aurrenekoa, hildakoen omenez monumentua eraikitzekoa duten Juan Carlos I parkean izango da. 14:24 direnean, berriz, hegazkinak lurra jo zuen ordu berean, sei minutuko isilunea gordeko dute.
Ikerketa abenduan amaituko dela espero dute
Istripua zerk eragin zuen argitzeko ikerketa abenduan bukatuko den esperantza dute. Dagoeneko ia 12.000 orrialde dituen sumarioa giza akatsen bidetik oinarritu dutela-eta, kezkatuta hitz egin dute Pilotoen Elkargotik. Beste hainbat ikuspegi baztertu egin dituztela salatu du Eduardo Gavilán bokalak.
Oraingoz frogatutzat jotzen dena: aireratzeko ezinbesteko diren aleroi txikiak ireki gabe abiatu zela hegazkina eta sistemak ez zuela matxura horien berri eman. Orain, gainera, zenbait hedabide espainiarrek zabaldu dute akatsak biltzen zituen ordenagailua birus batekin kutsatua zegoela. Dena dela, Spanairreko bi teknikari inputatuta daude auzian.
154 hildako, 18 bizirik
Aireratu bezain pronto lurra jo zuen hegazkinak eta barruan ziren 172 pertsonen artean hemezortzi bakarrik irten ziren bizirik.
Egun horretan, JK-5022 hegaldiak eguerdiko 13.25etan irten behar zuen. Antonio Garcia komandanteak aireratzeko lehenengo saiakera bertan behera utzi zuen, airearen tenperatura neurtzen duen zunda bat gehiegi berotu omen zelako. Intzidentzia konpontzeko asmoz, hegazkina hangarrera itzuli zen eta ordubete geroago, 14.23retan, aireratzeko bigarren saiakera egin zuen Barajaseko 36L pistan.
Hegazkina 40 bat metro altxatu zen, baina 15 segundora potentzia galtzen hasi zen. Hainbat kopadura jasan ostean, atzeko parteak lurraren kontra jo zuen. Hegazkina kilometro bat baino gehiago irristatu zen eta Vega ibaiaren kontra jo zuen. Inpaktuak sekulako leherketa eragin zuen eta hegazkinaren arrastoak baso inguru batena sakabanatuta geratu ziren.