Gizartea -

Bilbo

Egoera oso larrian jarraitzen du Zorrotzako sutean zaurituetako batek

Hildako mutil gaztearen aita eta hildako haurren aitonaren egoera oso kritikoa da. Horren emazteak larri jarraitzen du, eta gainerako hiru zaurituek onera egin dute.

Zorrotzan kiskali zen etxea. Argazkia: EiTB
Zorrotzan kiskali zen etxea. Argazkia: EiTB
Zorrotzan kiskali zen etxea. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbatean Zorrotzan (Bilbo) izandako sutean zaurituetako bat, hildako gaztearen eta hildako haurren aitona, oso larri dago, bere osasun egoerak okerrera egin baitu.

Bilboko auzo bateko eraikin zahar batek su hartu zuen eta lau lagun zendu ziren, bikote gazte bat eta bere bi seme-alabak.

Osakidetzak asteazken honetan zabaldutako prentsa-oharraren arabera, Gurutzetako ospitalean dagoen zaurituetako batek okerrera egin du. Gorputzaren % 30a du erreta, eta kolpe gogorrak gorputz osoan, altuera batetik erori zelako.

Atzo, aireztatze mekanikoa jarri zioten, arnasa hartzeko arazoak zituelako, eta ezegonkortasun hemodinamikoa zuelako. Hori dela eta, oso larria da bere egoera.

Gizonezko horren emazteak gorputzaren % 60 du erreta eta egonkor baina larri dago, Gurutzetako erredura larrien gunean.

Ospitalean dauden gainerako hiru zaurituak onera egiten ari dira. Gurutzetan 10 urteko haur bat dago, eta datozen egunetan senda-agiria jasoko duela uste dute.

Bestalde, 21 urteko gizonezko bat Basurtun dago, txorkatileko, aldakako eta bizkarrezurreko zauriekin, baina suspertzen ari da.

San Eloyko ospitalean dagoen 23 urteko emakumea ere hobetzen ari da, nahiz eta ornoak eta hankak apurtuta izan sutetik ihesi leihotik salto egin ostean, eta honek ere senda-agiria jasoko du datozen egunetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Suteak argazkiak Gizartea albisteak Eguneko albisteak