Gizartea -
Ikasle batzuen salaketa
Gasteizko irakasle batek mezu homofoboak bota ote zituen ikertzen ari dira
Hizkuntza Eskola Ofizialeko ingeles irakasle baten kontra hainbat ikaslek aurkeztutako salaketa ikertzen ari da Hezkuntza Saila.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasle batzuek ingeles irakasle baten kontra aurkeztutako salaketa ikertzen ari da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Ikasleen arabera, irakasleak bere eskola eten zuen, eta aniztasun sexualaren eta lesbiana, gay eta transexualen kontrako hitzaldia bota zuen.
Kazetarien galderei erantzunez, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak baieztatu du ikerketa abian dela, eta, ikasleek esandakoa hala bada, irakaslearen jarrera "onartezina" dela.
Gertakariak duela astebete jazo ziren ingeles eskola batean. Une batean, ingelesezko azalpenak eten, eta gaztelaniaz hitz egiteari ekin zion irakasleak. Hizkuntza Eskolak aniztasun sexualaren inguruan egindako kanpaina kritikatzen hasi zen, mezu homofoboak botaz, salaketa jarri duten ikasleen arabera.
Horrez gain, kartel bat eskegi zuen ikasgelan. Bertan, emakume bat eta gizon bat ageri ziren, gurutze bat eta 'True Love' (Benetako maitasuna) mezua ondoan zituztela.
Uriartek baieztatu duenez, Ikuskaritza zerbitzuak ikerketa abiatu du. Sailburuaren esanetan, ikasleen bertsioa baino ez dute, baina, egia balitz, irakaslearen jarrera "onartezina" dela nabarmendu du. "Neurriak hartu behar baditugu, hartuko ditugu", erantsi du.