Gizartea -

Nafarroa

Haur bat larri zauritu da zezenaren oldarraldiaren ondorioz, Tafallan

Ospitaleko zainketa intentsiboen unitatatean dago ingresatuta, baina egonkor dago. Gainera, 47 urteko oiartzuar bat eta 23ko tafallar bat ere ingresatuta daude, baina onera egiten ari dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

40 pertsona inguru zauritu ziren atzo zezen batek Tafallako plazako harmailetara salto egin ostean.

Horietako bat, 10 urteko haurra, Nafarroako Ospitaleko Pediatria Saileko Zainketa Intentsiboen Unitatean dago, bizkarra zapaldu zutelako. Egonkor dago, baina larri, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.

Tafallako 23 urteko emakume bat ere ingresatuta dago ospitalean. Honek ornoan jaso zuen kolpea eta Neurokirurgia Sailean ingresatu zuten. Hau ere egonkor dago eta onera egiten ari da.

Oiartzungo 47 urteko gizon bat ere ingresatu zuten atzo bizkarrean jasotako adarkada baten ondorioz. Gaur ebakuntza egin diote eta onera egiten ari dela jakinarazi dute aipatu iturriek.

Bestalde, zaurituetako 24 Tafallako Osasun Zentroan artatu zituzten kolpe arinengatik eta 10 Nafarroako Ospitalera eraman zituzten (sei anbulantzian iritsi ziren eta lau auto partikularretan).

Horiez gain, beste zaurituak zezen plazan bertan artatu zituzten. Gehienak antsietate kasuengatik eta kolpe arinengatik.

Errekortarien lehiaketa batean

Tafallako jaietako errekortarien lehiaketan gertatu zen ezbeharra, 18:45 aldera. Zezena oldartu ondoren, ikusle batzuk geldiarazi zuten animalia eta helduta zutela hil zuten ezpataz.

Ana Corera de Larraga ganadutegiko Quesero zezena ikuilura eramaten ari ziren hesiaren gainetik salto egiten saiatu zelako bi aldiz. Baina hirugarren saiakera bat ere egin zuen eta orduan lortu zuen eguzkiak jotzen zuen harmailetara iristea. Harmailak jendez gainezka zeuden eta izua zabaldu zen ikusleen artean.

Zaurituak asko izan baziren ere, azpimarratzekoa da zezenak gazteak zeuden harmailara egin zuela salto, eta bertan zeudenek azkar alde egin ahal izan zutela, ondorio okerragoak saihestuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea