Gizartea -

Sute Zorrotzan

Bilboko suteko zaurituen egoerak hobera egin du

Zorrotza auzoan izandako sutean zauritutako bederatzi pertsonetatik lauk sendagiria jaso dute. Ikerketa gaur abiatuko dute.

Zorrotzako sutea
Zorrotzako sutea
Kezka zabaldu da Zorrotzan, sutearen ostean, hainbat eraikinen egoeragatik

1:41

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Zorrotza auzoan izandako sutean zauritutako bederatzi pertsonetatik lauk sendagiria jaso dute. Senar-emazte bikote gazte bat eta haien seme-alabak hil ziren atzoko ezbeharrean.

Osakidetzak astelehen goizean helarazitako oharrean jakinarazi duenez, zaurituek hobera egin dute, baita larrien daudenak ere, hildakoen gurasoek eta aiton-amonek. Larri daude, baina egonkor, Gurutzetako Erredura Handien Unitatean ospitaleratuta.

Biktimen aitak eta aitonak erredurak ditu gorputzaren % 30ean, leihotik erori ostean sortutako lesioez gain.

Hildakoen amaren eta amonaren egoera, berriz, ezegonkorra da: erredurak ditu gorputzaren % 60an.

Horrez gain, sutearen ondorioz Basurtun ospitaleratutako bost umeetatik lauk sendagiria jaso dute.

Bestalde, Gurutzetan 10 urteko ume batek jarraitzen du ospitaleratuta, baina laster irtetea espero dute.

21 urteko gazte bat Basurtuko ospitalean dago, ke toxikoa arnasteagatik, eta orkatilean, aldakan eta bizkarrezurrean lesioak izateagatik.

Azkenik, Barakaldoko San Eloy ospitalean dago 23 urteko emakume bat, larri, orno lunbarretako batean haustura duelako. Halaber, hanketan hausturak ditu sugarretatik ihes egiteko etxetik salto egiteagatik.

Litekeena da ikerketa luzatzea

Sutean gertatutakoa ikertzen ari diren arren, eraikinaren egoerak zaildu eta luzatu egin dezake prozesua, oso zaila baita sartzea.

Sutea erabat kontrolatuta dago, baina suhiltzaileek eremua zaintzen ari dira badaezpada ere, sugarrak ez berpizteko. Halaber, Ertzaintza ere ezbeharraren tokia babesten ari da, inor ez dadin hurbildu edo sartu.

Bikote bat eta haien seme-alabak dira lau hildakoak

26 eta 24 urteko bikote bat eta haien hiru eta bost urteko seme-alabak dira atzoko sutean hildakoak. Sutea goizeko 06:30ean piztu zen, Barinaga kaleko 7 zenbakian dagoen eraikinean, Zorrotzako Landa eremuan. Eraikina guztiz suntsitu zen barrutik, ganbaran sortutako sutearen ondorioz. Egurrezko egitura zuen etxea eta teknikoki "kolapsatuta" geratu da.

Etxea galdu zuten bizilagunak familiartekoen etxeetara joan dira, eta Udalak ez die ostatu eman behar izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Suteak argazkiak Gizartea Albisteak