Gizartea -

Eguraldia

Sargoriaren ondotik... abisu horia euriteengatik

18:00etatik gauerdira arte egongo da indarrean. Ekaitzak lurraldearen mendebaldean lehertuko dira bereziki.

Emakume bi, euripean, Donostian. EFE
Euria Donostian. EFE
Emakume bi, euripean, Donostian. EFE

EITB.eUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 18:00etan hasita, prezipitazio handiak egoteko arriskua dela eta. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera, ordubetean 15 litro baino gehiago pila daitezke metro koadroko.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, arratsaldean zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu, eta zenbait lekutan handiak izan daitezke. Txingorra ere bota dezake.

Euria denean egingo badu ere, ekaitz arriskua handiagoa izango da mendebaldean: zenbat eta mendebalderago, orduan eta gogorragoak izan daitezke ekaitzak, eta probabilitatea ere handiagoa izango da. Ekaitz-guneetan, haize-boladak gogorrak izan daitezke.

Astebururako iragarpena

Ostirala egun beroa izango da. Goizean hego-haizea ibiliko da, eta, ondorioz, termometroak 30 ºC ingurura iritsiko dira edo balio hori gaindituko dute. Goizak aurrera egin ahala, haizea ipar-mendebaldera aldatuko da kostaldean, eta, beraz, apur bat freskatuko du; tenperatura maximoak, hortaz, aurreko egunekoak baino baxuagoak izango dira kostaldean. Giroa eguzkitsua izango da eguneko ordu askotan, baina arratsaldean bero-hodeiak sortuko dira eta ekaitzak izango dira, probabilitate handiagoarekin mendebaldean.

Larunbatean, hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira zeruan, eta isurialde atlantikoan tenperaturak behera egingo du. Haizeak eki/ipar-ekialdetik joko du, eta tenperatura ez da aurreko egunetan bezainbat igoko; maximoak 25 ºC inguruan geratuko dira kostaldean. Hegoaldean, altuenek 30 ºC-ak gaindituko dituzte beste behin. Arratsaldean, ezegonkortasun handiagoa izango da, eta litekeena da trumoi-ekaitzak izatea.

Igandean, hego-haizea eta beroa izango ditugu berriro protagonista. Termometroek 30 eta 35 ºC arteko balioak neurtuko dituzte, baxuenak kostaldean; izan ere, egunaren erdiko orduetan, haizea ipar-mendebaldera aldatuko da. Goizean, hodeiak eta ostarteak izango ditugu. Arratsaldean, ezegonkortzera egingo du, eta zaparrada trumoitsuak botatzeko probabilitatea handituko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Eguraldia Donostia Gizartea Gaurko azken ordukoa