Gizartea -
Espainiako Ogasuna
Cristiano Ronaldok 8 milioiko iruzurra egin zuen 2011 eta 2013 bitartean
Hala jasota dago Zerga Agentzia espainiarrak egindako eta dagoeneko Madrileko Delitu Ekonomikoen Fiskaltzara igorritako ikerketan. 2015ean aitortu zuen futbolariak ordaindu gabeko dirua.
eitb.eus
Espainiako Zerga Agentziak probatutzat jo du Cristiano Ronaldo futbolariak zortzi milioi euroko iruzurra egin ziola Ogasunari 2011 eta 2013 bitartean.
Zenbait hedabidek zabaldu dutenez, hala jasota dago Zerga Agentzia espainiarrak egindako eta jadanik Madrileko Delitu Ekonomikoen Fiskaltzarren esku dagoen ikerketan. Halere, oraindik argitzeke dago delitu fiskala ala arau-hauste administratiboa egin duen.
Zalantzen iturria futbolariaren jarrerak berak eragin ditu, berak 2015ean "egoera bideratu" nahi izan zuelako, bere borondatez, ikuskatzaileak bere diru-sarrerak ikertzen hasi baino lehen, baina Espainiako futbolarien gaineko ikerketak abiatu ostean.
Urte horretan (2015), 2014 urteari zegokion errenta aurkeztu zuenean, antza irudi eskubideen bidez 2011an, 2012an eta 2013an jasotako, eta aurretik aitortu ez zuen, dirua aurkeztu zuen.
Ogasunaren iritzian, operazio hori ez zen zuzena izan, futbolariak 5,6 milioi ordaindu baitzituen eta 8 milioi gehiago ordaindu behar izan zituelako. Orain Fiskaltzaren esku dago delitu fiskala ala arau-hauste administratiboa egotziko dioten erabakitzea.
Ikuskatzaileen artean bi zalantza nagusitu dira; batetik, zein delitu mota leporatu, kontuan hartuta diru-sarrerak justifikatzen dituzten kontratuak aurkeztu egin zituela, eta modu boluntarioan egin zuela.
Bestetik, diru sarreren jatorria; Ronaldok irudi eskubideek eragindako diru gisa aurkeztu ditu irabaziak, baina, zenbait ikuskatzaileren arabera, primak edo kanonak lirateke, eta horren gaineko zerga oso bestelakoa da, hain zuzen, % 20 eta % 43koa, hurrenez hurren.