Gizartea -

Gasteiz

Errekaleor eraisteko prozesua abiatzea agindu du Urtaranek

Ensanche 21 sozietateko teknikariei eraiste prozesua abiatzea agindu diela azaldu du Gasteizko alkateak.

El barrio ocupado de Errekaleor. EFE
El barrio ocupado de Errekaleor. EFE
El barrio ocupado de Errekaleor. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak iragarri du Errekaleor auzo okupatua eraisteko agindua eman diela jada Ensanche 21 sozietateko teknikariei.

Urtaranek agerraldia egin du udal batzorde batean, oposizioak eskatuta, Errekaleor auzoaren inguruan azalpenak emateko.

Egun, 150 pertsona baino gehiago bizi dira auzo okupatuan, eta Europa osoan erreferente bihurtu da.

Okupazioa 2013an abiatu zuten, eta, harrezkero, okupek hainbat azpiegitura sortu dituzte auzoan, hala nola okindegi bat eta liburutegi bat.

Hilaren 18an, Iberdrolako teknikariek argindarra kendu zuen Errekaleorren, eta istiluak sortu ziren Ertzaintzaren eta okupen artean. Ondorioz, hiru pertsona atxilotu zituzten, eta beste bi inputatu.

Hurrengo egunean, alkateak aurreratu zuen Udalak eutsi egingo diela auzoko etxebizitzak eraisteko asmoei.

"Ez dago negoziazio aukerarik; horregatik, auzoa eraitsi beharra dago. Dagoeneko eskatu diogu Ensanche 21 sozietateari Errekaleor auzoa eraisteko proiektua prestatzen hasteko", nabarmendu du Urtaranek.

Agerraldian, hiriko hiru batzokitan agertutako pintaden egileak izatea egotzi die Errekaleorreko okupei.

"Eurek nahi dutena egiten ez bada egoitza politikoetan pintadak egiten dituztenak intransigenteak dira; iraganarekin nostalgia dutenek mehatxuak egin dituzte", ohartarazi du.

Horren ildotik, alkateak esan du alternatibak negoziatu dituztela, eta beste etxebizitza batzuk eskaini dizkietela, "betiere jokoaren arauak errespetatzen badituzte", baina kolektiboak "ezezkoa" eman du Errekaleorren geratu nahi direlako "bai ala bai".

Agindarraren mozketari dagokionez, alkateak ohartarazi du "arriskua" zegoela "2015eko martxotik", instalazio elektrikoaren egoera kaskarra dela eta. Izan ere, teknikariek "irregulartasun oso larriak" topatu zituzten.

"Horrek guztiak sute, istripu, zirkuitulabur eta deskarga arriskua dakar. Eta bihar norbait hiltzen bada istripu baten ondorioz? Zer egingo zenukete? Niri egotzi?", galdetu die EH Bilduko, Podemoseko eta Irabaziko bozeramaileei.

Testuinguru horretan, Urtaranek alternatibak negoziatzea eskaini die okupei, baina "arau minimoak errespetatuta".

Oposizioak, bere aldetik, Errekaleorreko proiektuaren garapena galaraztea egotzi dio Urtarani, eta PPk kritikatu egin du Urtaranen "geldirik" egon izana.

Manifestazioa ekainaren 3an

Atzo, Errekaleor Bizirik plataformak esan zuen "inoiz baino indartsuago" daudela, argindarra moztu dieten arren, eta ekainaren 3an manifestazioa egingo duela iragarri zuen, auzotik kanporatzea galarazteko.

Argindarra eraikinetan mozteaz gain, kaleko argiteria publikoa ere argirik gabe utzi dutela salatu zuten. "Errekaleor hustu nahi dute, baina gure proiektua eta auzoa defendatzen jarraituko dugu", azpimarratu zuten.

Horrez gain, Gorka Urtaranen adierazpenak gogor kritikatu zituzten eta ukatu egin zuten elkarrizketarako borondaterik ez dutela. Alderantziz, gogora ekarri zuten duela hilabete inguru gutuna igorri ziotela Gasteizko Udalari beren egoeraz hitz egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gasteiz Gaurko azken orduko albistea