Gizartea -
Delitua
661 kilo haxix atzeman dituzte Irunen, auto batean
Autoaren atzeko partean eta maletategian zeramatzaten haxixa, 26 fardeletan banatuta. Urruñako landa-gune batean geldituta zegoen autoa.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak 661 kilo haxix atzeman ditu Irunen (Gipuzkoa), landa-gune batean geldituta zegoen auto batean. Autoko gidariak eta berarekin batera zihoazen bidaiariek Frantziako Poliziaren kontrol batetik ihes egin dute, eta, autoaren gurpilak sastatuta zituztela, zenbait kilometro egin ostean, autoa gelditu eta ihes egin dute.
Asteazken goizaldean jazo zen gertaera, auto batek Urruña udalerriko kontrol batetik ihes egin zuenean.
Frantziako Poliziak abisua eman zien Ertzaintzari, Irungo Udaltzaingoari eta Guardia Zibilari. Orduan, ihes egindako autoa aurkitzeko operatiboa prestatu zuen. Ordu batzuk igaro ostean, ihes egindako autoarekin bat zetorren BMW bat atzeman zuten landa-gune batean.
Guardia zibilek autoa miatu zuten, eta 661 kilo haxix aurkitu zituzten bertan (26 fardeletan banatuta). Autoaren atzeko partean eta maletategian zeramatzaten haxixa. Gainera, autoak matrikula faltsuak zeramatzan jarrita (barruan beste batzuk aurkitu zituzten).
Guardia Zibilak 661 kilo haxix aurkitu ditu, 26 fardeletan banatuta. Argazkia: Guardia Zibila
Gertatutakoa argitzeko eta autoan zihoazen bidaiariak atxilotzeko ikerketa abiatu du Guardia Zibilak.