Gizartea -
Errekaleor auzo okupatua
Urtaranek esan du Errekaleorren argindarra moztea zela aukera bakarra
Segurtasuna bermatzeko argudioarekin, Eusko Jaurlaritzak Errekaleorren argindarra mozteko agindua eman du.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko udal-gobernuak esan du Errekaleorren okupatutako eraikinean argindarra etetea beste aukerarik ez zegoela, Eusko Jaurlaritzak segurtasun arrazoiak emanda hala agindu duenean.
Industria Sailak eskatuta eta Ertzaintzak babestuta, Iberdrolako teknikariak goizean joan dira Errekaleorrera argindarra moztera, "ezbehar elektrikoren bat izateko arriskua zegoelakoan".
Hamarnaka gazte okupatutako eraikinaren aurrean bildu dira, teknikariak bertan sartzea saihesteko asmoz. Horietako batzuk kateatu egin dira, protesta moduan.
Ertzaintzak hiru lagun atxilotu ditu eta beste biren kontrako ikerketa abiarazi du, agintaritzari eraso egitea leporatuta.
Errekaleorreko bizilagunek salatu dute Ertzaintza bortizkeriaz aritu dela haien aurka.
Ohar baten bidez, Gasteizko EAJ-PSE Udal-gobernuak esan du herritarren segurtasuna "beste edozeren gainetik" dagoela eta Industria Departamentuak antzemandako "berehalako arriskuen aurrean" ez zegoela beste irtenbiderik argia moztea baino.
Gorka Urtaranen gobernuak gogora ekarri du 2015eko otsailean sutea izan zela eraikin horretan eta hiru txakur hil zirela.
Horrez gain, etxebizitza okupatuetan bizi diren lagunei segurtasuna bermatzeko "alternatiba" ezberdinak proposatu zizkiela adierazi du, "baina ez zituzten proposamenak entzun". "Segurtasunarekin ezin da jolastu", erantsi du.
Bestalde, Errekaleorreko bizilagunek manifestazioa deitu dute arratsaldeko 19:00etarako.