Gizartea -
Greba Hezkuntzan
Uriartek 'elkarrizketa' eskaini die proposamenak nahi dituzten sindikatuei
Bestalde, EH Bilduk "Lomceren ondorioak saihesteko adostasun zabaleko formulak bilatzeko" eskatu dio Hezkuntza Sailari.
agentziak | erredakzioa
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuak "elkarrizketa” eskaini die sindikatuei “desadostasunak konpontzeko", asteartean euskal hezkuntza publiko ez unibertsitarioan izandako grebaren ostean.
Uriartek eskumena duen gaien inguruan hitz egin nahi du sindikatuekin, eta "errealismoa" exijitu die berriro. "Elkarrizketa da bidea desadostasunak edo eskuartean ditugun gaientzat irtenbideak bilatzeko", azaldu du.
Dena dela, "errealitate printzipioa" errespetatzeko deia egin du. "Gu hitz egiteko prest gaude edozeren inguruan gure esku badago, gure esku ez dauden gaien inguruan, ez", gaineratu du.
Bestalde, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek "arduraz" jokatzeko eta "hezkuntza publikoan ditugun arazoei aurre egiteko" eskatu dio Jaurlaritzari, eta horretarako "proposamen errealak" aurkez ditzala. Gainera, larunbatean EAEko hiriburuetan manifestazioak egingo dituztela gogorarazi dute.
Azaldu dutenez, "Hego Euskal Herria atzean geratzen da sortzen duen aberastasunaren eta hezkuntza publikoko inbertsioaren arteko aldean". "Egungo aurrekontua Hezkuntzako inbertsioa 2009an baino 62 milioi baxuagoa da", salatu dute.
Era berean, "soldaten erosteko ahalmena % 15 murriztu" eta "bajak hartzea zigortzen" dela kritikatu dute. "Erretiroa sustatzen zuten neurriak" kendu dituztela eta "hezkuntza sistema suntsitzen duten hezkuntza erreformak" ezarri dituztela ere gaitzetsi dute.
Eusko Legebiltzarretik, EH Bilduren taldeak "Lomceren ondorioak saihesteko adostasun zabaleko formulak bilatzeko" eskatu dio Hezkuntza Sailari. Hezkuntza sailburuak entzungor egiten omen die eskaera horiei, eta "hezkuntza komunitatearen aldarrikapenen frontoi bihurtu da".