Gizartea -

DEKRETU BERRIA

Tratu txar kasuetan izatezko bikoteak desegitea erraztuko du Jaurlaritzak

Izatezko bikoteak sortu eta desegiteko neurri berriak onartu ditu Jaurlaritzak, dekretu berri baten bidez. Erraztu egingo dituzte tramiteak, besteak beste, tratu txarrak pairatzen dituztenentzat.

Indarkeria matxistaren biktimak babestuko ditu izatezko bikoteen legeak

1:20

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Izatezko bikote gisa eratzea edo desegitea errazagoa izango da aurrerantzean. Eusko Jaurlaritzak 2003ko legea eguneratzea onartu du. Tramitazioa erraztu egingo da, eta, horrez gain, segurtasun juridiko handiagoa emango zaie kasuei. Indarkeria matxistaren kasuetan, esaterako, erregistroak berak ofizioz jarriko luke martxan bikotea desegiteko prozesua, eta biktimak ez du bikotekidearekin harremanetan jarri beharrik izango erabakia azaltzeko.Genero indarkeria sufritzen duten biktimen onerako bi aldaketa nagusi dakartza dekretu berriak. Biktimak berak, bakarrik aurkeztu ahal izango du bikotea desegiteko eskaria, eta ez dio bikotekideari erabakiaren berri eman behar izango: erregistroak berak egingo du ofizioz, ez dadin egoera desegokirik gertatu. Horrez gain, ebazpena emateko epea hiru hilabetetik gehienez bi hilabetera murriztuko da.

Biolentziarik ez dagoen kasuetan ere, bakarka desegin ahal izango dira harremanak, baldin eta bikotekidearen helbidea jakin ez eta harekin komunikatu ezin izan badu.

Izatezko bikoteen osaketan ere badira aldaketak. Tramiteak erraztu egingo dira; nahikoa izango da erregistrora behin joatea, dokumentazioa online edoa zuzenean bulegoetan aurkeztu ahal izango da eta.

Halaber, baldintza modura ezarriko da bietako batek behintzat espainiar nazionalitatea izatea. Orain arte nahikoa zen biak erroldatuta egotea.

Erregistroa indarrean sartu zenetik, duela 13 urte, 30.000 izatezko bikote erregistratu dira Euskal Autonomia Erkidegoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak