Gizartea -
Iñigo Cabacas
Cabacasen heriotzarekin lotzea egotzita bi hedabide salatu ditu 'Ugarteko'k
Ertzaintzako buruak adierazi duenez, “konponbiderik ez” duten kalte material eta moralak sorrarazi dizkiote.
Agentziak | Erredakzioa
2012ko apirilean, Athleticen eta Alemaniako Schalke 04 taldearen arteko futbol partidaren ostean polizia operatiboa zuzendu zuen Ertzaintzako arduradunak Cabacasen familiaren abokatuaren eta bi hedabideren kontrako salaketak jarri ditu. 250.000 euroko kalte-ordaina eskatu die. Iñigo Cabacas gomazko pilotakada baten kolpeak eragindako zauriengatik hil zen.
Garak igande honetan zabaldu duenez, Gara eta Naiz hedabideen kontrako salaketak jartzeaz gain, Ertzaintzako arduradun horrek bi kazetari salatu ditu, 2012ko apirilaren 5eko gauean grabatutako telefono bidezko elkarrizketetan “Ugarteko” ezizenez identifikatu zutelako.
Ertzain horren esanetan, Jone Goirizelaia (herri akusazioaren partez), bi hedabideak eta bi kazetariak “ohore, irudi eta intimitatearen kontrako delitu” baten erantzuleak izan litezke, bere izen-abizenak emateaz gain bere zenbaki profesionala zabaldu baitzuten.
Ertzaintzako buruak adierazi duenez, “konponbiderik ez” duten kalte material eta moralak sorrarazi dizkiote.
Bere esanetan, berarekin lotutako “informazioa eman, editatu eta zabaldu ondoren” bere osasunak okerrera egin zuen. Halaber, Iñigo Cabacasen hilketarekin lotzen duten albiste guztiak ezaba ditzaten eskatu die hedabideei.