Gizartea -

Istripua Nafarroan

Txirrindulari bat zauritu da, edanda zihoan gidari batek harrapatuta

Ezbeharra Lizoainibarren gertatu da. Nahiz eta hasieran gidariak ihes egin duen, oinez itzuli da ondoren istripua jazo den tokira.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Edanda zihoan gidari batek bi txirrindulari harrapatu ditu Lizoainibarren, Nafarroan, eta Foruzaingoa gertatutako ikertzen ari da. NA-150 errepidearen 10. kilometroan izan da ezbeharra.

Istripuan nahasita egon den gidaria Agoitzeko bizilaguna da, eta alkoholemian positiboa emateagatik salatu dute.

Gertaera 9:16an jazo da, eta bertaratu diren larrialdi zerbitzuek 66 urteko iruindar bat artatu eta Nafarroako Ospitale Gunera eraman behar izan dute, aldakan traumatismoa zuela. Beste txirrindulari bat tartean ere egon den arren, ez du inolako zauririk jasan.

Foruzaingoa gertatutakoaren nondik norakoak ikertzen ari da; izan ere, hasiera batean, gidariak gertaeraren lekutik ihes egin du, baina ibilgailua alboko herri batean utzi ostean, oinez bueltatu da.

Hasierako ikerketen arabera, ibilgailuak atzerako ispiluarekin jo du txirrindularia hura aurreratzen ari zenean, eta errepidearen aurka erori da.

Foruzaingoak jakitera eman duenez, harrapatzeaz ez dela jabetu adierazi die gidariak. Gau osoan lanean eman eta, ondorioz, gidatzen ari zela "lo geratu" ahal izan dela gaineratu du. Bere bertsioaren arabera, "kolpea sumatu eta iratzarri' ostean", ispilurik gabe zegoela konturatu da; horrenbestez, hurrengo herrian aparkatu du eta oinez itzuli da istripuaren lekura.

Txirrindulariek, berriz, istripua gertatu denean ibilgailua ez dela gelditu eta aurrera jarraitu duela baieztatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Euskal Herrian Nafarroako albisteak Gizartea bideoak Albisteak