Gizartea -
Nafarroako Gobernua
Nafarroako Ospitale Guneko sukalde zerbitzua publikoa izango da
Ondorioz, 100 pertsona kontratatuko dituzte (eta beste 42 pertsona dagoeneko kontratu dituzte janaria prestatzeko).
agentziak | erredakzioa
Nafarroako Gobernuak gaur iragarri duenez, ekainean Nafarroako Ospitale Gunearen sukalde zerbitzua bere gain hartuko du osorik, janaria banatzeko zerbitzurako eskaintzak jasotzeko epea amaituta bat ere ez baitute jaso.
Horren ondorioz, 100 pertsona kontratatuko dituzte (eta beste 42 pertsona dagoeneko kontratu dituzte janaria prestatzeko), baina 500.000 euro garestiagoa izango da janaria platerean jartzeko, banatzeko eta garbiketa zerbitzua enpresaren bati esleituta baino.
Horixe jakinarazi du Fernando Dominguez Osasun kontseilariak prentsaurreko batean. Dena dela, zuhurtziaz hitz egin du, zeren baliteke Nafarroatik kanpo erregistro ofizialen batean eskaintza jaso izana, baina interesa zuten enpresek egin ez dutenez, ekainaren 1etik aurrera Nafarroako Osasun Zerbitzuaren ardura izango da sukalde zerbitzu osoa.
Kontseilariari galdetu diote ea kontratazioak Mediterranea de Catering (erabiltzaileen protesten jomugan egon den enpresa) orain arte lan horretaz arduratzen zen enpresako langileekin beteko dituzten, eta Dominguezek erantzun du Administrazioak ezin dituela "beste enpresa batzuetako langileak subrogatu", baina dagoeneko behargin batzuk zerrendan sartuta daudela.
Aurrekontuari dagokionez, zerbitzua publiko egitearen kostua 3,3 milioi euro ingurukoa izango omen da urtean, eta 2,8 milioi euroan atera zuten lehiaketa.
Era berean, Osasun departamentuaren aurrekontua 1,3 milioi euro handiagoa izango da arrazoi horrengatik.
Hala eta guztiz ere, Nafarroako Ospitale Guneetako sukaldeen zerbitzua aldatuta elikaduraren kalitatea hobetuko dutela azpimarratu du, eta hori oso garrantzitsua dela ospitalean dauden gaixoak bere onera itzultzeko.