Gizartea -
Donostia
Berriro margotu dute Mikel Laboaren murala Donostian
Udalak kalean egindako pintaketa eta muralen zerrenda bat egingo du, horien balioa zehazteko eta Mikel Laboaren muralarekin gertatu zena saihesteko.
Agentziak | Erredakzioa
Joan den apirilaren 29an Donostiako Udalaren garbiketa zerbitzuak Antigua auzoan aspalditik zegoen Mikel Laboaren omenezko murala ezabatu zuen eta horrek hautsak harrotu zituen.
Eneko Goia alkateak berriro margotzeko konpromisoa hartu zuen. Alabaina, Udalaren esku-hartzea ez da beharrezkoa izango, gaur berriro agertu baita Mikel Laboaren murala, irudi eta testu berarekin, Gorgatxo plazan.
Gertakari horren harira eta horrelakorik berriro ez errepikatzeko, Udalak jakinarazi du Donostiako kaleetan egindako pintaketa, mural eta graffitien zerrenda bat egingo duela, obra horien interesa zein den zehazteko eta balio “artistikoa eta sentimentala” izan dezaketenak babesteko.
Zerrenda oso zabala da eta berau osatu ostean, irizpide zehatzak markatu beharko ditu Udalak, zeintzuk babestu eta zeintzuk ez erabakitzeko.