Gizartea -
Hondakinen kudeaketa
Zubietako erraustegia eraikitzeko lanak, abian
Aldundiaren esanetan, 2019rako martxan izango den plantak konponbidea emango dio hondakinen auziari. Erraustegiaren aurka daudenek elkarretaratzea egin dute azpiegitura salatzeko.
EITB.EUS
Hondeamakinek egunak daramatzate Zubietan (Donostia, Gipuzkoa), baina asteazken honetan abiatu dituzte ofizialki Hondakinak Kudeatzeko Zentroa (erraustegia izango du bere baitan) eraikitzeko lanak. Goizean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua eta erraustegia eraikiko duen aldi baterako enpresa taldeko ordezkariak Donostiako auzoan izan dira lehen harria jartzen.
Dena ondo bidean, 2019ko udazkenean izango da martxan erraustegia. 217 milioi euroko aurrekontua izango dute lanok. Dirutza enpresek jarriko dute, baina, ondoren, 768 milioi jasoko dituzte planta 32 urtez kudeatzeagatik.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ekitaldian esan duenez, lanen hasierak amaiera eman dio hondakinen inguruan zegoen "eztabaida amaigabeari" eta, batez ere, EH Bilduk foru gobernuan emandako lau urteetan (2011-2015) ezarritako "paralisiari".
Olanok berak jarri zuen erraustegiaren lehen harria 2011n, eta asteazken honetan ere bera izan da bigarrenez hasi duten azpiegitura honen ekitaldi ofizialaren buru. Aurrekoan ez bezala, kontzesio bidez egingo dituzte lanak eta kudeatuko dute erraustegia.
"Gaurtik aurrera, eztabaida amaigaberik gabeko lurraldea izango da Gipuzkoa. Aurrera atera gara, herritarren gehiengoaren erabakiari erantzunda eta hauteskundeetan herritarrek agindutakoa betez", adierazi du Markel Olanok.
"Pozik" agertu da Gipuzkoako ahaldun nagusia, "hemendik bi urtera, legealdi amaieran" erraustegia martxan egongo delako.
Olanok eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak nabarmendu dutenez, hondakinak kudeatzeko planta "oso aurreratua izango da teknologikoki", bai eraginkortasunaren alorrean, zein ingurumenari dagokionez. Haien hitzetan, Estatuan bakarrak diren errekuntza gasak arazteko sistemak izango ditu azpiegiturak, araudiak ezarritako isurketen mailatik behera kokatzeko.
Aldundiko ordezkariak eta lanak egingo dituen enpresa-taldearen buruzagiak, Zubietan. EFE
Protestak
Protesta artean hasi dira lanok. Izan ere, amore emango ez dutela nabarmendu dute erraustegiaren kontra daudenek. Zubietatik oso gertu, elkarretaratzea deitu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak gaurko. 100 bat pertsona bildu dira Merkabugati parean azpiegituraren kontra egindako protestan. EH Bilduko eta Podemoseko batzarkideak ere izan dira kontzentrazioan.
Ehunka pertsona bildu dira Zubietako erraustegiaren lanen kontra egindako protestan. Argazkia: EFE
Bestalde, GuraSOSek iragarri duenez, lanak abiatu badituzte ere, "borroka ez da amaitu". Hala, Zubietako erraustegiaren finantzaketan eragiten saiatuko direla jakinarazi dute, proiektua geldiarazteko. Horretarako, Meridiam Investments inbertsio taldeari eta Eskandinaviako familiei zuzendutako "presio" kanpaina abiatuko dute, Meridiam taldeak Eskandinaviako pentsio funtsetatik ateratako diruarekin finantzatuko baitu errauste plantaren zati bat.
"Akordioak inposaketen aurrean"
EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu alderdiak Zubietako erraustegiaren lanen kontra egindako elkarretaratzean izan dira asteazken honetan. “Herritarrei entzun diezaion” eta hondakinen kudeaketaren inguruan “inposizioa alde batera utzi eta akordioak bilatu” ditzan eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Xabier Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramailearen esanetan, Zubietako erraustegiaren lanen hasiera “oso albiste txarra da gipuzkoarrentzat”. Ildo horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak “herritarren etorkizuna hurrengo 35 urteetarako hipotekatuko duela” salatu du. Halaber, hondakinak kudeatzeko beste eredu “garbiagoak, osasuntsuagoak eta merkeagoak” daudela azpimarratu du.
EH Bilduren bozeramailearen hitzetan, lan horiek burutzea eta “erraustegiaren eraikuntzarekin tematzea arduragabekeri politikoa da”. Ildo horretatik, herritarrak “behin eta berriro proiektu horren kontra” agertu direla nabarmendu du, eta “irtenbidea herritar guztien artean bilatu” behar dutela esan du. Arrazoi horregatik, irtenbide bat bilatzeko eskua luzatu dio Aldundiari.
Gauzak horrela, EH Bilduk bere babesa eta elkartasuna adierazi die elkarretaratzean parte hartu duten herritarrei. Era berean, gipuzkoarren nahia entzun dezan eskatu dio EAJri.
Bestalde, herritarrei hondakinak kudeatzeko bestelako ereduen nondik norakoak azaldu behar dizkiola esan dio Podemos-Ahal Duguk Gipuzkoako Foru Aldundiari. Halaber, herri galdeketa baten bidez gipuzkoarrek eredu bat aukeratu beharko luketela erantsi du.
Monica Mora eta Maria Valiente alderdi horretako batzarkideak Zubietako erraustegiaren kontrako protestan izan dira. Haien esanetan, herritarren nahia ez dela entzun esan nahi du lanen hasiera horrek, eta akordio zabala bilatzeko eskaera egin dute.