Gizartea -
Oza-cesuras
Coruñan hildako umearen aitak urruntze aginduak izan zituen mehatxuengatik
Urruntze agindua 2013an bertan behera geratu zen. Urte horretan, halaber, beste salaketa bat jarri zuen emazteak, sare sozialen bidez mehatxu egiteagatik, baina artxibatu egin zuen epaileak.
agentziak
Oza-Cesuras (A Coruña) udalerriko mendi batean hilik topatu zuten 11 urteko umearen aitari (atxilotuta dago orain) amarengana hurbiltzea galarazi zioten, urruntze agindu baten bidez, 2013ra arte eta mehatxu egiteagatik ere salatu zuen emazte ohiak urte horretan.
Hala baieztatu diote Europa Press albiste agentziari ikertzaileek. Gainera, zehaztu dutenez, gaur egun ez zegoen inolako urruntze agindurik ez bestelako neurririk indarrean atxilotutako gizonaren aurka.
Halere, 2013ra arte urruntze agindua izan zuen bere gain, eta, gainera, emazte ohiak mehatxuak egiteagatik ere aurkeztu zuen salaketa horren aurka.
Lehen salaketa 2008an aurkeztu zuen, eta derrigortze delituagatik zigortu zuten horrezkero; bigarrena, 2013an ipini zuen emakumeak, sare sozialen bidez jasandako mehatxuengatik, baina artxibatu egin zuten, epaileak ezin izan zuelako egilea identifikatu, aurretik aipatutako iturrien arabera.
Hildako umearen aita atxilotuta dago orain, Polizia Nazionalaren egoitzan, Lonzas udalerrian, Coruñan, epaileren esku noiz utziko zain. Poliziek adierazi dutenez, "gertaeran izandako parte-hartzeagatik" atxilotu dute.
Ikerketak jarraitzen badu ere, Europa Pressi zenbait iturrik esan diotenez, litekeena da umeak buruan jasandako kolpe batengatik hil izana. Coruñako San Frantzisko Jabier ikastetxe publikoan ikasten zuen.
Haurraren amak igandean salatu zuen Coruñako Polizia-etxean bere semea desagertuta zegoela, eta gorpua astelehen arratsaldean topatu zuten A Barrako mendi batean, Oza-Cesurasen.
Umearen desagerpenaren salaketaren ostean abiatutako ikerketa Coruñako 7 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak hartu zuen bere gain.
Urtea hasi zenetik, bost dira dagoeneko aitek edo amen bikotekideek hildako umeak Estatu espainiarrean, hau da, emakumeei kalte egiteko asmoz haien seme-alabak hil dituztenak.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.