Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
EAE emakume nigeriarren sexu-esplotaziorako sareen erdigune, CEARen arabera
NBEk "XXI. mendeko esklabotza" deitu dio, eta biktima gehienak 23 eta 27 urte artekoak dira, nahiz eta adingabeen kasuak ugaritzen ari diren.
agentziak | erredakzioa
Errefuxiatuei Laguntzeko Euskadiko Batzordeak (CEAR) salatu du emakume nigeriarrak sexualki esplotatzen dituzten mafien banaketa zentro bihurtu dela EAE.
CEAR-Euskadik ikerketa bat egin du gaiaren inguruan, eta bertan azpimarratu dute EAEn esplotazio sexualaren biktima izan diren emakume nigeriarren gorakada antzeman dutela azken bi urteotan, eta iaz 40tik gora emakume artatu zituztela.
Era berean, gobernuz kanpoko erakundeak azaldu du zaila dela biktima horiekin konfiantza harremanak sortzea, normalean arrisku egoeran daudelako, eta jatorrizko herrialdean dituzten senideak mehatxupean dituztelako. Horregatik, ez dute laguntza bilatzen.
CEARen datuen arabera, Espainiako Estatuan 13.000-40.000 emakume dira sexu-esplotazioaren biktima, eta 140.000 Europa osoan.
NBEk "XXI. mendeko esklabotza" deitu dio egoera horri, eta biktima gehienak 23 eta 27 urte artekoak dira, nahiz eta adingabeen kasuak ugaritzen ari diren.
EAEn, Nigeriatik etorritakoak dira mafien biktima nagusiak, eta ondoren doaz Errumaniakoak, Txinakoak, Paraguaykoak, Brasilgoak eta Dominikar Errepublikakoak.