Gizartea -
Kalitate-ziurtagiria
Getxoko bi hondartzek eta Uribarri Ganboak bandera urdinak lortu dituzte
Kalitate-ziurtagiri horrek hainbat gauza hartzen ditu kontuan, besteak beste, irisgarritasuna, uraren kalitatea, inguruaren garbitasuna eta sorosleen presentzia.
Agentziak | Erredakzioa
Getxoko (Bizkaia) Ereaga eta Arrigunaga hondartzek bandera urdinak izango dituzte aurten. Halaber, Uribarri Ganboa (Araba) urtegiko hareatzaren hiru zonaldek ikur urdina lortu dute bigarren urtez. Bandera urdina urtero banatzen den nazioarteko kalitate-ziurtagiri bat da.
Gauzak horrela, Euskadik bost bandera urdin izango ditu uda honetan, iaz baino bat gutxiago. Dena dela, euskal kostaldeko udal gehienek ez dute kalitatea ziurtatzen duen ikur hori lortzeko eskaerarik egin, bestelako ingurumen-ziurtagiriak lortzeko asmoa baitute. Zehazki, ISO 9001, ISO 14001 eta EMAS Europako ziurtagiriak dira udalek lortu nahi dituzten ziurtagiriak.
Bigarren urtez jarraian, Araba hareatzetako bandera urdinen zerrendan agertzen da. Uribarri Ganboa urtegiko hareatzaren hiru zonalde hauek lortuko dute ikur urdina: Barrundiak, Elburgok eta Arratzu-Ubarrundiak.
Bizkaiko kostaldeari dagokionez, Getxoko Ereaga eta Arrigunaga hondartzek bandera urdina lortu dute berriro ere. Alabaina, Ea hondartza aurten ez da zerrenda horretan agertu.
Ingurumen-ziurtagiria lortzeko, hainbat gauza hartzen dira kontuan, besteak beste, irisgarritasuna, uraren kalitatea, erabiltzaileei hondartza horren inguruan emandako informazioa, harearen garbitasuna eta sorosleen presentzia.